Europako funtsak

Baskoniaren unibertsitaterako 64 milioi euro, Europako funtsetarako proiektuen artean

Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 09:00

Gaur egungo Bakh kirol hiriaren instalazioak, Salburuan. / GOOGLE MAPS

Europako laguntzak jasotzeko Eusko Jaurlaritzaren zerrendak Arabako hainbat proiektu jaso ditu: besteak beste, Baskonia-Alaves taldearen Euneiz unibertsitate pribatua eta Foronda sateliteak jaurtitzeko Virgin konpainiaren base gisa.

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan aurkeztu du Europako funtsen diru laguntzak eskuratzeko proiektuen zerrenda, eta Araban 2021 eta 2026 bitartean aurreikusitako hainbat proiektu atera ditu argitara; horiekin batera, baita xehetasunak eta zifrak ere. Eusko Jaurlaritzak 10.788'74 milioi euro eskatu ditu EAE osorako; horietatik, 2.011,46 milioi Araban inbertitzeko izango lirateke.

Baskonia-Alaves taldearen proiektua

Zentzu horretan, Josean Kerejeta eta Alaves-Baskonia taldearen Euneiz unibertsitate pribatuaren inguruko hainbat xehetasun eta inbertsioaren zifrak ezagutu dira: Baskonia-Alaves taldeak 64 milioiko inbertsioa izango duen enpresa zentroa eraiki nahi du Bakhen ondoan, Salburuan; eta bertan750 lanpostu sortzea espero du.

Araba-Gasteiz Sport Capital izeneko proiektua ekainean aurkeztuko da, eta hainbat espazio izango ditu Euneiz unibertsitateaz gain:

  • Nazioarteko ikastetxe bat.
  • Garapenerako eta teknifikaziorako zentro bat.
  • 350 ikasle eta kirolarirentzako egoitza bat.
  • Ekintzailetzarako eta enpresa garapenari laguntzeko zentro bat.
  • Kirol ikerketa eta medikuntzarako zentro bat.

Ezagutu zenetik, polemika ugari piztu ditu Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektuak, eta horri gehitu behar zaio finantzaketaren inguruko informazio falta, oraindik ez baita ezagutzen proiektu pribatuak inbertsio publikoa ere jasoko ote duen.

Hasieratik, sindikatuen kritika ugari jaso ditu egitasmoak, baina, horrez gain, azken egunetan Mondragon Unibertsitatea edo EHU bezalako hezkuntza eragileek ere mesfidantza agertu diote proiektuari. Berriki, gainera, Bakh zabaltzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du Equok, babestutako eremu batean dagoen inguruneko fauna eta floraren gaineko eraginak "atzeraezinak" izan daitezkeelako.

Foronda, sateliteak jaurtitzeko basea

Orain arte ezezagunak ziren beste proiektuen artean, Forondako aireportua satelite txikiak orbitan jartzeko base bihurtzeko egitasmoa da. Virgin konpainiaren Launcher One anezkaren bidez egingo litzateke hori. 42,5 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Virgin konpainiak urtarrilean lehen aldiz lortu zuen satelite bat orbitan jartzea hegazkin bat erabiliz. Ekainean, berriz, satelite komertzialekin lotutako misio berri bati ekingo dio, AEBetako zein Herbehereetako Defentsa departamentuen eskutik.

Beste proiektuak

Zeresan handiena eragin duten proiektuak aipatutako bi horiek diren arren, Araban egitekoak diren inbertsio gehiago jaso ditu Eusko Jaurlaritzak Europako funtsen laguntzak eskatzeko proiektuen zerrendan:

  • Basquevolt bateria fabrika (882 milioi euro): proiektu ekonomiko handiena da, eta Eusko Jaurlaritza zuzentzen ari da, IKZ Energigunerekin eta beste hainbat enpresarekin batera.
  • Energia berriztagarriak sustatzeko programa (518 milioi euro): energia eolikoa, eguzki-energia, biomasakoa edo hidrogenokoa erabiltzeko proiektuetarako inbertsioak.
  • Vitoria-Gasteiz Mobility Lab (327,5 milioi euro): hiri-garraioko joera berriak aztertu eta aplikatzeko berrikuntza zentroa; besteak beste, kaleak eta aparkaleku adimendunak, ibilgailu elektrikoa edota trafikoari aplikatutako big data landuko ditu.
  • Biodibertsitate proiektuak eta azpiegitura berdeak (90 milioi euro).
  • Araba Digitala 2026 Plana (49,7 milioi euro).
  • Arabako Errioxako ardoaren ekonomiaren eta kulturaren bikaintasun zentroa (7,2 milioi euro).
Erlazionatuak

Euneiz: jokaldi borobila

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etaio, EHUko irakaslea 2021 mai 14 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago