Baskoniaren EUNEIZ unibertsitate pribatuaren proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 12:43

Querejeta, Gonzalez eta Urtaran proiektuaren aurkezpenean, 2017an. / BASKONIA.com

Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du Gasteizen EUNEIZ unibertsitate pribatua sortzeko lege-proiektua. Baskonia-Alaves taldearen proiektuaren behin-betiko erabakia Eusko Legebiltzarrean hartuko da datozen asteetan.

Astearte honetan, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu du Gasteizen egoitza izango duen EUNEIZ unibertsitatea unibertsitate pribatu gisa aitortzen duen lege-proiektua.

EUSTEIZ 2018 entitateak sustatutako lege-proiektua Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak onartu beharko du datozen asteetan. Aurreikusi daitekeenez, arazo handirik gabe onartuko da; izan ere, EAJ-PSE gobernuak gehiengo osoa izateaz gain, PPren babesa du proiektua aurrera ateratzeko.

Hortaz, Baskonia-Alaves taldeak sustatutako EUNEIZ European University Gasteiz errealitate bat izango da laster. Unibertsitateak goi-mailako unibertsitate hezkuntza eskainiko du, teknologia berrien eta kirol eta osasun zientzien arloak integratuta:

  • Teknologia berrien eta ekonomia digitalaren esparrua entretenimenduaren, bideo-jokoen eta joko aplikatuen industriara bideratua egongo da. Hiru gradu izango ditu: Eduki Digital Interaktiboak; Bideo-jokoetarako eta Joko Aplikatuetarako Arte-Sorkuntza; eta Musika Ekoizpena. Horiez gain, Eduki Digitalen Ekoizpena eta Ekintzailetza masterra izango du.
  • Osasun Zientzien esparrua, berriz, kirol-zuzendaritzaren eta berregokitzearen eremuetara egongo da bideratuta, batez ere. Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduak garatuko ditu; baita bi horiek osatutako gradu bikoitza. Gainera, bi master eskainiko ditu: Jarduera Fisikora eta Lehiara Berregokitzeari buruzko bat, eta Teknifikazioari buruzko beste bat.

Hasiera batean, bi arlo horiei lotutako bi zentro izango ditu unibertsitateak: Osasun Zientzien fakultatea eta Teknologia Interaktibo Berrien fakultatea.

Sei hilabeteko epea

Legebiltzarrak onartu eta unibertsitatea aitortzen duen legea indarrean dagoenean, sustatzaileak baimena eskatzen duenetik sei hilabeteko epean, Hezkuntza Sailak jardueraren hasiera baimenduko du; betiere titulu ofizialen homologazioa lortu bada, eta lege-betekizun guztiak betetzen direla egiaztatzen bada.

8.000 euro urtean

Sustatzaileek Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministeriora bidalitako dokumentazioan jasotzen denez, hasierako asmoa da lau gradurekin eta master batekin hastea. Halaber, hasiera batean, 205 ikasle inguru izango dira unibertsitatean, eta 8.000 euro ordainduko dituzte urtean, batez beste.

Instalazioak

Hasieran, Salburuko Vital Kutxaren egoitza zaharraren eraikinean, BAKH ondoan, kokatuko dira bi fakultateak. Hala ere, Fernando Buesa Arena pabiloian laborategiak jartzea eta Mendizorrotzako futbol zelaia erabiltzea ere aurreikusi dute; gaur egun, bi instalazio horiek publikoak dira.

Lehen bi urteak igarota, gainera, Deportivo Alavesen etorkizuneko kirol hiriaren barruan eraikin bat izatea aurreikusten da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago