Kostatu da, baina partida alde dute. Lehen aldian, espero zutena baino traketsago jokatu zuten, baina bigarrenean gero eta gertuago ikusten du garaipena. Unibertsitateen Champions Leaguen jokatzeko helburua askoz gertuago dago.
Bai, sorpresarik ez badago, European University Gasteiz-ek partida irabaziko du. Lehia alde daukate. Arbitroak begi onez ikusten du bere jokoa. Izan ere, kolore berberak sentitzen ditu. Elitearen koloreak.
Berdin da Euneizek eskainiko dituen ikasketa batzuk jada EHUn eskaintzea, eta beste batzuk erkidegoko unibertsitate pribatu batean. Baloiaren kontrola hartzeko unibertsitate publikoari ohea egin dio, epaileak beste alde batera begiratu bitartean.
Partida aurrera joanda, euskarari ere dribling egingo dion ikusi behar, baina, momentuz, aurrera jarraitzen du, Vitoria unibertsitateen mapan kokatzeko. Hala lortu du lehen gola, eskuadratik, zaleen poztasun-oihu eta -saltoen artean. Mapan handiago agertuko omen gara hemendik aurrera. Hiriaren harrotasuna.
Alaves bezala, estuve y estoy. Egon nintzen eta banago. Ikusle bezala, bai, unibertsitate horretan jokalari izateko batez besteko 8.000 euroko matrikula ordaindu behar baita... Joko-zelai horretara sartzeko sarrera-prezio horrekin, zale gehiago kanpoan geratuko omen dira… Haiek eta beren alaba-semeak. Hori bai, elite-jokalariek herritar gehienoi sartutako gola baselinaz! Dotore-dotore! Analisia eta zentzu kritikoa, beste behin ere, jokoz kanpo.
Etenean, entrenatzaileak buelta eman dio jokalariek begiratzen duten arbelari. Alde batean Eskola publikoa. Nirea. Zurea. Denona jartzen bazuen ere, atzealdetik Hezkuntza pribatua. Benetako gurea. Elitearena irakur daiteke.
Baloia berriz Jaurlaritzako kantxan; gero eta errazago sartzen da Euneiz kontrakoaren jaurtiketa libreko zonara. Izan ere, unibertsitate publikoa bere jokalariak eta azpiegitura mantentzeko eta handitzeko finantzaketa lortzeko zuhurkeriaren kontra aritu behar bada denboraldi guztietan, erakundeek Euneizi saskirako bidea ireki diote. Saskia birrindu dute behin baino gehiagotan, partidaren laugarren laurdenean.
Edozein kasutan, deigarria da publikoaren defentsa leloa elastikoan daraman taldearen epeltasuna eraso egitean. Ematen du Baskoniako elastikoarekin jantzita dagoen taldeari aurre egitean kikilduta dagoela, akaso eraso-falta egitearekin kezkatuta edo, ziurrenez, ikusle askoren erantzunaren beldur. Araban Baskoniaren itzala luzea da…
Antzeko jarrera sumatzen da hezkuntza publikoaren zona defendatzean. Jokalari batzuk besoak jaitsita mantentzen dira Euneizek beste saskiratze bat ahur-palaz sartu bitartean. 500 lanpostu sortuko dituen zurrumurrua zabaldu da eta "lanpostuak" entzuteak taldearen defentsa desegitea lortu omen du. Urtero ekarriko omen duen 29 milioiko onura ekonomikoena despistatzeko estrategia bat izan daitekeela ohartarazten dute batzuek, baina, nahasmen-une horretan, Euneizek beste hiruko bat sartu du, garaipen zabala borobilduz.
Oposizio txikiarekin, partida erraz irabazi du, Erkidego Autonomoko Final Fourrerako txartela. Hiru unibertsitaterekin lehiatuko da: bat publikoa eta beste bi pribatu. EUSTEIZ 2018 Sociedad Anonima Unipersonal elkarteak apostu sendoa egin zuen eta partida menperatu du. Minutu gutxi barru jakingo dugu nori emango dioten MVP (Most Valuable Player) saria. Alkatearentzat izan daiteke, Euneizerako hartutako errebote ugariengatik, edota diputatu nagusiarentzat, emandako asistentzia zehatzengatik.
Harro bete dezagun gasteiztarrok Ama Zuriaren plaza unibertsitate elitistari ongietorria emateko.