Bakh edo Baskonia Kirol Hiriaren instalazioak zabaltzeko proiektuari egindako dozena bat alegazio erregistratu ditu Equo Berdeak alderdiak. Aurkeztutako ingurumen azterketa "oso eskasa" dela uste du eta, beraz, horren kontrako kalifikazioa eskatu du, lursailaren erabilera aldatzeko baimenik ez ematearekin batera.
Horrez gain, Plan Partziala berrikustea ere eskatu du Equok, naturgune babestuaren kontserbazioa bermatzeko dagozkion aldaketak sartzeko. Izan ere, Salburua 2015ean Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa deklaratu aurreko dokumentua da; gainera, 2004an, Natura 2000 Sarearen Batasunaren Garrantzizko Leku gisa izendatu zen.
Equok azaldu duenez, 15. sektorean dagoen lurzatirako planteatutako proiektua da. Bakh gunearekin mugakidea den lurzatiak 29.000 metro karratuko hedadura du. Inguruko faunak eta florak jasan ditzaketen eraginak "konponezinak" izan daitezkeela deritzo alderdi berdeak. "Salburuko hezeguneak babesteko eremu periferikoaren barruan dago lurzati hori, eta Betoñoko urmaeletik 20 metro baino gutxiagora, biak ere Green Capital esparruaren bitxi berdeak direlarik", kritikatu du.
Obrak, zarata eta argi-kutsadura
Enklabea egokitzeko eta instalazioak eraikitzeko obrek zarata eta makina zein langileen joan-etorriak ekarriko ditu. Gainera, obren ostean, eguneroko funtzionamenduak ere eragina izango du ingurunean: eremura ibilgailu gehiago joango dira, gehienak garraio pribatukoak.
Hori guztia ingurunearen kontserbazioarekin "bateraezina" dela ohartarazi du Equok, batez ere Betoñoko urmaelean edo inguruetan bizi den edo inguruetara bertaratzen den faunari dagokionez. "Hiriko biodibertsitate handieneko enklabeetako bat galduko da, eta hori ez da lagungarria izango mugikortasun jasangarria sustatzeko ere", ohartarazi du alderdi ekologistak.
Zarataz gain, eremuan areagotuko den argi-kutsadura ere azpimarratu du Equok bere alegazioetan. Horrekin batera, "futbol zelaien foku indartsuen ondorioz, bertan bizi diren eta aldez aurreko azterlanetan behar bezala kontuan hartu ez diren espezie guztien bizi-fluxuen gaineko inpaktua" kritikatu dute.
Paisaiaren eta akuiferoen gaineko inpaktua
Bestalde, aurreikusitako eraikuntzen altuera handituko da, eta, alegazioen arabera, horrek "inpaktu bisualaren zein paisaiari buruzko inpaktuaren areagotzea" ekarriko du hezegunearekiko eta Kontserbazio Eremu Bereziarekiko.
Halaber, "Salburuko hezeguneak azaleratzen dituen akuiferoak izango duen afektazioa dela eta", lurpeko plantak egitea arriskutsua dela uste du Equok, azterlan hidrologiko xehaturik ere ez dagoela salatuz.