Covid-19aren aldaera berriak atzeman dituzte, txertaketa kanpaina hastearekin batera. Erresuma Batuan zabaldutakoa da kezka nagusia egun; Osakidetzak 100 kasu baino gehiago zenbatu ditu dagoeneko, eta "adi" jarraitu beharko da.
Isolamendua, musukoa, distantzia soziala, mugikortasuna mugatzea, ostalaritzaren itxiera... koronabirusari aurre egiteko asmoz ezarritako neurriak asko izan dira, baina, kutsatze kopuruei erreparatuta, hartutako neurrien eraginkortasuna ez da behar bestekoa izan.
Txertoa da pandemia gainditzeko itxaropen iturria, eta erronka horretan lehen pausoak eman badira ere, bide luzea aurreikusten da: uztailerako populazioaren %70 immunizatuta edukitzeko helburua hankamotz gera daiteke. Otsaila bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 50.000 lagunek baino gutxiagok jaso dute lehen dosia, eta 16.000 baino gutxiagok beharrezko biak.
Europako Batzordeak botika etxeekin tira-biran jarraitzen duen bitartean, beharrezko dosiak erosi eta txertaketa-kanpaina arintzeko helburuarekin, kezka berriak ere agertu dira. Gai izango ote dira orain arte diseinatutako txertoak birusaren aldaera berriei aurre egiteko? Informazioa eskasa da, oraingoz. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik "zalantzaz" betetako egoera baten aurrean gaudela adierazi du, eta "intzidentziaren egoera" izan daitekeen kezka agertu.
Epidemiologian adituak direnek dagoeneko ohartarazi dute Erresuma Batuko aldaera besteak baino errazago zabaltzen dela, eta hilabete honen amaieran nagusi izan daitekeela hau. Abiadura horren adibideak agerikoak dira: aste honetako Osakidetzaren azken informazioaren arabera, 109 atzeman dituzte, eta urtarrilaren 21ean bederatzi baino ez zeuden. Erresuma Batuko barietateaz gainera, Brasil eta Hegoafrikan ere ezaugarri desberdinak dituztenak atzeman dituzte, horiek ere abiada bizian zabaltzen ari direnak.
Dosien banaketan izan diren "akatsak" saihesteko berrantolaketa egitearekin batera, gainera, hiru aldaera berrietako analisien kopurua areagotuko dutela iragarri dute Osakidetzatik; Britainia Handikoaren 6.000 analisi baino gehiago egin dituzte dagoeneko.