Koronabirusa

"Elkartasuna eta ikuspegi globala dira pandemiatik ateratzeko bide bakarrak"

Mikel Buruaga 2021ko ots. 5a, 07:30

Aitor Montes Aramaioko familiako medikua da. / ALEA

Txertoa jaso duten osasun langileetako bat da Aitor Montes, Aramaioko familiako medikua. ALEArekin hitz egin du, eta oso kritiko agertu da gizartearekin, txertaketaren kudeaketarekin eta osasun publikoaren egoerarekin.

Aramaioko medikuaren lana goitik behera aldatu da pandemia hasi zenetik. Orain arte, bere lana beti izan da —"eta izan beharko luke", zehaztu du— gaixoak zein eguneroko kontuak artatzea, gaixo kronikoen jarraipena eramatea eta diagnostiko goiztiarrak egitea.

Nola aldatu da zure lana pandemia hasi zenetik?

Lehen mailako arretaren funtzio horiek guztiak ia ia desagertu egin dira. Ia ez dugu egiten prebentzio-lanik edo bestelako baheketarik. Gaixo kronikoei dagokienez, adineko jendea ikaratuta dago eta ez da kontsultara etortzen. Eguneko arreta egiten jarraitzen dugu, baina gainontzeko guztia koronabirusa da. Aramaion pil-pilean dago Covid-19a, eta egun askotan kontsulten erdia baino gehiago horrekin erlazionaturik dago.

"Nire sentsazioa da lan eta lan egiten dugula, baina alferrik dela"

Eta nola eraman duzu hori urtebetez?

Oso nekagarria da. Nire sentsazioa da lan eta lan egiten dugula, baina alferrik dela; hau da, ezertarako balio ez duen lana dela. Kontsulta asko izapide administratiboak edo preskripzioak egiteko dira, eta aurrez aurreko gutxi. Horrekin batera, aztarnarien lana eta koronabirus kasuen jarraipena.

Zeuk ere txertoa jasotzeko aukera izan duzu, ezta?

Bai, txerto batzuk izan genituen gure osasun zentroan, anbulategian, Arrasaten. Txerto horiek adinekoei eman zitzaizkien, erizain edo mediku beteranoei. Beranduago deitu zidaten esateko txertoak jartzen ibiliko zirela bertan, eta adinagatik hurrengoa nintzela zerrendan. Adi egoteko eskatu zidaten, eta baten bat soberan izatekotan, jarriko zidatela. Zorte apur batekin, dosi batzuk soberan gelditu ziren eta horietako bat jarri zidaten. Bigarren dosia otsailaren 16an jaso behar dut; jakinaraziko didate, espero dut, kar kar.

"Alferrikakoa da Europa osoan txertoa zabaltzea hirugarren mundura iristen ez bada"

Zer sentitu duzu?

Ezkerreko besoan ipini zidaten... mina eta ezer gutxi gehiago. Argi izan behar duguna da lehenengo dosiarekin oraindik ez gaudela guztiz txertatuta. Bigarren dosiaren ostean, datozen hilabeteetan, ikusi beharko dugu noiz arte iraungo duen immunizazioak. Sei hilabetekoa, urtebetekoa... ez dakigu. Ikusiko dugu.

Txertaketa kanpaina ondo kudeatu al da?

Desastre hutsa izaten ari da. Europak izugarrizko gaitasuna du txerto gehiago ekoizteko, baina ikusten ari naizena da: alde batetik, patenteengatik edo euren arteko negoziazioengatik berandu eta oso astiro gabiltzala; bigarrenik, alferrikakoa dela Europa osoan txertoa zabaltzea hirugarren mundura iristen ez bada. Hau pandemia bat da, txertoa denok jaso beharko dugu ala inork ez. Ikuspegi globala, mundiala, inoiz baino gehiago izan beharko genuke. Hemendik ateratzeko bide bakarra elkartasuna da, eta irtenbidea mundu mailakoa izan beharko da.

"Bistan da osasun arretak baliabide gehiago behar dituela, eta lehen ere behar zituela"

Osasun publikoak eta gizarteak ere txertoa beharko dute?

Epe luzera, bistan da osasun arretak baliabide gehiago behar dituela, eta lehen ere behar zituela, pandemian bereziki konturatu bagara ere. Baina, batez ere, gizarte osoan antzeman dudana izan da izugarrizko berekoikeria; jendeari bost axola zaio aldamenekoa. Medikuok orain arte pentsaezinak ziren jarrerak eta portaerak ikusi ditugu, maila guztietan. Eta gure aisialdi bakarra taberna da, kontsumoa, droga, alkohola; ez dakigu gozatzen edo elkarrekin egoten tartean kontsumorik ez badago.

Itxaropenik al duzu?

Oso gizarte kontsumista, berekoia, mendebaldarra, europarra eta kapitalista bilakatu gara. Beraz, ez dut esperantzarik ikusten, epe ertainean eta maila guztietan. Ez daukagu gaitasunik, eta ez dugu merezi. Ez dakizue ikusi dugun guztia. Garagardoa nahiago dugu aldamenekoaren bizitza baino. Eta Gabonak salbatu behar dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago