Gasteizko Abetxuku auzoan kokatutako Zadorra egoitza Arabako Covid-19 gaixoentzako erreferentziazko zentro bihurtu zen martxoan. Plantilla indartu behar izan zuten, beste egoitzetatik iristen ziren gaixoak artatu ahal izateko. Orduantxe iritsi zen Kepa Martelo Berriozabal (Legutio, 1979) Zadorrara erizain laguntzaile gisa lan egiteko, lurraldeko beste hainbat foru egoitzetan aritu ostean.
"Oso gogorra eta apur bat beldurgarria izan zen. Egoiliarrek ezin zuten bisitarik jaso, gela batean isolatuta bizi ziren —askotan hirunaka— eta egoera oso txarra zen denontzako", gogoratu du.
"Gogaituta eta oso nekatuta nago, eta hau noiz bukatuko den zain nago"
Zorionez, babes-ekipamenduen hornidura ona izan dela eta lankideen artean "oso giro ona" sortu zela azaldu du, eta horri esker egin zioten aurre egoerari: "Lantaldean indar itzela sortu zen, eta zentzu horretan oso polita izan zen".
Ia urtebete da pandemia hasi zenetik. Nola bizi izan duzu?
Denon modura, uste dut: gogaituta eta oso nekatuta nago. Ilusio falta dut, eta hau noiz bukatuko ote den zain nago. Maila profesionalean behintzat, urte osoan ez da lana faltatu. Gehienbat beldurra neukan horrenbeste gaixo artean lan egiteagatik, beste inor ez kutsatzeko. Beldur horrekin beti. Nire kezka nagusia gurasoak ez kutsatzea zen.
"Pozik nago behin-behineko langilea izan arren txertoa jarri didatelako"
Azkenean txertoa iritsi da, eta zeuk ere jaso duzu.
Urte hasieran jaso nuen lehen dosia, eta bigarrena hilaren 29an. Martxoan hasi nintzen Zadorran lanean, eta aldi baterako hainbat kontraturen ostean, urtarrilaren 10ean langabezira itzuli nintzen. Halere, pozik nago behin-behineko langilea izan arren txertoa jarri didatelako. Eta, hemendik aurrera, lanean jarraitzeko prest.
Nolakoa izan da txertaketa Zadorra egoitzan?
Hasieran agureak txertatu zituzten, eta, ondoren, erizain eta laguntzaile guztiok txertoa jaso dugu Santiago ospitalean. Agudo dabil kontua, eta txertoa azkar batean jaso dugu. Nik ikusitakoaren arabera, txandaka egin da: hamar minutuero bost pertsona, gero ordu laurden batez zain geratzen zara eta listo.
"Lasaitasuna sentitzen dut, txertoa jaso ondoren inor ez dudalako kutsatuko"
Nola baloratzen duzu txertaketa kanpaina, oro har?
Hortik gertatutako hainbat gauza zatarrak izan arren, nire inguruan ikusi dudana, Zadorran behintzat, primeran joan da.
Itxaropentsu al zaude?
Pentsatzen dut hau luzerako doala. Baina pertsonalki lasaitasuna sentitzen dut, txertoa jaso ondoren inor ez dudalako kutsatuko; eta uste dut hori positiboa dela. Txertoan sinesten dut. Gero... zer nolako abiadura izango duen txertaketak eta noiz lortuko dugun denok immunizatuta egotea gizarte moduan... zalantza daukat. Pandemiaren aurreikuspenez hitz egiten denean nahiago dut isilik geratu, ez naiz ausartzen esatera. Udarako gauzak hobetzea espero dut.