Koronabirusa

"Ez nuen txertorik hartu nahi, baina nire diskurtsoa aldatu egin dut"

Mikel Buruaga 2021ko ots. 5a, 07:30

Ane Cepa erizaina da Amurrioko osasun zentroan, eta bertan jaso du txertoa. / ALEA

Ane Cepa Durangon bizi da, baina Amurrioko osasun zentroan lan egiten du erizain gisa, eta bertan jaso du txertoa. Pandemiak dena hankaz gora nola jarri zuen kontatu eta txertaketak piztutako itxaropenaz hitz egin du ALEAn.

2016an amaitu zituen Erizaintza ikasketak, eta, kontratuz kontratu, 2018ko urrian Amurrioko osasun zentrora iritsi zen Ane Cepa (Zornotza, 1993). Handik hamazazpi hilabetera, 2020ko martxoan, koronabirusa iritsi zen gure bizitzetara, ustekabean.

Nola hasi zen dena zure osasun zentroan?

Heldu zen momentu bat, martxoan, osasun zentroko lan guztia gelditu zela. Ohiko lanetik, larrialdiak eta atzeraezinak ziren gauzak bakarrik artatzen hasi ginen, eta dena zen Covid-19a. Covid-talde moduko bat sortu zen, birusaren inguruko arreta zentralizatzeko; hainbat mediku eta erizain sartu ginen taldean.

"Uste dut orain askoz okerrago daramadala duela urtebete baino"

Gogorra izan zen?

Hasieran protokoloak egun batetik bestera aldatzen ziren, kaosa zen; eta Aste Santua zoramena izan zela gogoratzen dut. Garai horretan, sintomen lehen egunetako jarraipena gakoa zen, gaixoek une batetik bestera okerrera egiten zutelako. Adineko paziente batzuk ezin genituen ospitalera bidali eta etxean hiltzen ziren, behintzat lasai eta senideekin. Gainera, ez ziren PCR probak egiten, eta, beraz, ez genekien hildakoak Covid-19aren ondorioz hiltzen ote ziren ere. Denborarekin hobetu da hori guztia, egia esan. Lehen mailako arretara itzuli gara, kontsultak maiztasun gutxiagorekin edo telefonoz egiten badira ere.

Otsailean urtebete beteko da pandemia hasi zenetik...

Uste dut orain askoz okerrago daramadala duela urtebete baino. Orduan indar pilo bat geneukan, eta, gainera, pribilegiatua sentitzen nintzen; denok etxean geunden, baina ni egunero irteten nintzen etxetik lanera joateko, eta aukera nuen lankideekin harremantzeko. Orain, berriz, urtebete daramagu horrela, eta horrek pisatzen du; asko, gainera. Ez gaude konfinatuta, baina konfinatuta egongo bagina bezala gaude. Nekea nabaritzen da urtebete eta gero, bai lanean eta baita arlo pertsonalean ere.

"Gauza batzuk ondo egin ez direlako gainezka baldin bagaude... Bokazioa puntu bateraino iristen da"

Gainera, jada ez dira txaloak entzuten.

Deseskaladatik aurrera gizarteak hori guztia ahaztu du. Eta gure lana bokaziozkoa dela entzun behar izan dugu; bai, puntu batera arte. Nik maite dut nire lana eta oso harro nago, baina gizarteak edo politikariek gauza batzuk ondo egin ez dituztelako gainezka baldin bagaude... Bokazioa puntu bateraino iristen da.

Txertoa iritsi da, eta zeuk lehen dosia jaso duzu.

Bai, urtarrilaren 22an jaso nuen, eta otsailaren 12an bigarrena jasotzeko zain nago; zehazki, Pfizerren txertoa jarri didate. Dena oso ongi antolatu zen eta bi erizain etorri ziren. Hasieran pixka bat urduri nengoen. Pozik ere, pribilegiatua sentitzen zarelako. Bestalde, beldur apur bat ere sentitu nuen, edo ziurgabetasuna. Ez dut gezurrik esango, duela sei hilabete ez nuen txertorik hartu nahi, baina azkenean nire diskurtsoa aldatu egin dut.

Zergatik?

SARS-CoV-2 duela urtebete ezagutzen dugu, baina beste koronabirus mota batzuk aztertu dira azken urteetan. Uste dut nahikoa ikertu dela txertoa merkatura iristeko. Gainera, gaur egun, badira gaixotasun asko txertoei esker ez ditugunak. Eta zenbat txerto jarri ditugu gure bizitzan zehar bidaiatzeko? Gauza berria da, eta denok dugu beldur hori, baina osasun langileok animatu behar dugu jendea txertoa hartzera.

"Ezin da txertaketa ero-eroan egin, lehen dosia jaso duenak bigarrena jasoko ote duen jakin gabe"

Nola baloratzen duzu txertaketa kanpaina, oro har?

Adibidez, gure kasuan, bigarren dosia gordetzearena ondo egin dela uste dut. Ezin da txertaketa ero-eroan egin, lehen dosia jaso duenak bigarrena jasoko ote duen jakin gabe; lehen dosi hori zakarrontzira botatzea bezala litzateke. Ondoren ikusi dugu hornidura arazoak hasi direla. Gehien kritikatzen ari dena txertaketaren erritmoa da, baina, nire ustez, osasun langileen txertaketa amaitzen denean hasiko da apur bat bizkortzen. Arazo handiena ziurgabetasuna da, beraz, protokoloak hobeto zehazten joango direla espero dut.

Itxaropentsu al zaude?

Beti izan behar dugu pentsaera positibo bat, baina daramagun urtea ikusita eta orain Gabonen ostean nola gauden ikusita... Eta azken olatutik atera ez garenean jada Aste Santuan pentsatzen hasi bagara, ez dakit nora goazen. Beraz, itxaropentsu bai, baina ez dakigu non egongo garen hemendik bi astera. Ez dago gure esku, baina denon eskuetan dago: gizartearen esku, politikarien esku, birusaren esku... Dena ondo joatea espero dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago