Koronabirusa

"Itxaropentsu nago txertoarekin; jendeak bere bizitza berregin behar du"

Mikel Buruaga 2021ko ots. 5a, 07:30

Elvira Muñoz garbitzailea da Aguraingo Sallurtegi foru egoitzan. / ALEA

Pandemiaren kontakizunak garbitzaileak ahaztu ohi ditu, baina Agurainen txertoa jaso duten lehen lagunetako bat da Elvira Muñoz, Sallurtegi egoitzako garbitzailea. Agerraldi baten erdian daude orain, eta berarekin hitz egin du ALEAk.

Elvira Muñozek (Agurain, 1963) bost urte daramatza garbitzaile gisa lanean Aguraingo Sallurtegi foru egoitzan, azpikontratatutako Impacto garbiketa-enpresan. Ez da aurrera ateratzeko duen lan bakarra: Eroskin ere lan egiten du, une honetan eszedentzian dagoen arren. Egoitzako solairu oso baten garbiketaz eta desinfekzioaz arduratzen da egun, eta pandemiaren ondorioz nabarmen areagotu da egunero egin behar duen lana.

Asko aldatu da zure lana Covid-19a iritsi zenetik?

Dezente aldatu da. Egoera normal batean, zu garbitzera zoaz, ohiko jantzia eramaten duzu eta ez duzu kontu berezirik izan behar. Baina birusa iritsi zenetik, kutsatzeko beldurrarekin batera, Norbera Babesteko Ekipamenduak eta betaurrekoak erabiltzen hasi ginen, oso fisikoa den lan bat egiteko. Desinfektatzeko eta garbitzeko orduan, gainera, oso zorrotza izan behar da dena.

"Birusa sartu da berriro egoitzan. Hasieran bezala gaude, baina okerrago"

Beldurra aipatu duzu...

Noski, ardura handiz lan egiten dugu, beldurragatik batez ere. Pandemiaren hasiera oso txarra izan zen nire egoitzan, eta nahiko gaizki pasa dugu. Horregatik eskatu behar izan nuen eszedentzia bat. Iristen ginenean albiste txarrak zeuden beti, ez zegoen Norbera Babesteko Ekipamendurik guztiontzat, zabor poltsekin ibiltzen ginen... Oso deprimituta zoaz etxera, ez duzu bizitza sozialik... Erabateko kaosa izan da.

Zein da egoera orain, ia urtebete beranduago?

Orain hobeto gindoazen, baina birusa berriro sartu da egoitzan. Hasieran bezala gaude, baina okerrago, nire ustez. Laneko egoera ez da atsegina, ikusten duzuna ikusten duzu, eta horrek eragina du zure bizitza pertsonalean, egunerokoan. Pertsonalki pixka bat ukituta nago, gauza asko ikusten dituzulako, gauza asko zure gain hartu nahi duzulako, baina ezin duzu. Ez dakit nola azaldu, bizi egin behar da ulertu ahal izateko. Erizain laguntzaileei ahal dudan guztia laguntzen saiatzen naiz; agian ez da nire lana, baina oso gainezka daudela ikusten dut, jende gutxi dago... Ekipoa egiten eta ahal dugun neurrian elkar laguntzen saiatzen gara. Baina oso gaizki pasatu dugu, bai.

"Bigarren dosia hartu arte niri ezer ez gertatzeko erregutzen ari naiz"

Bizitako guztiaren ostean, txertoa iritsi da...

Uste dut herriko [Agurain] lehenetarikoa izan naizela txertoa hartzen. Txertoa jarri zaie egoiliar guztiei, erizain laguntzaileei eta garbitzaileei. Orain bigarren dosiaren zain gaude; otsailaren 8an jarriko digute. Zoritxarrez, beste agerraldi bat iritsi da egoitzara, kutsatze asko izan dira, eta pertsona batzuek lehen txertoa jaso ondoren harrapatu dute Covid-a; orduan ezin dute bigarren dosia jaso. Hori lehen dosia xahutzea bezala da. Astelehenera arte niri ezer ez gertatzeko erregutzen ari naiz.

Nola baloratzen duzu txertaketa, oro har?

Nik uste dut hobeto egin zitekeela. Oso berandu gabiltzala iruditzen zait. Batzuek beldurra dute, guk hasieran genuen bezala, ez genekielako benetan zer ari ginen sartzen. Aurrerago, eskaini zigutenez, egokiena txertoa hartzea zen, segurtasunagatik. Baina txertoak oso motel iristen ari dira, eta jende askok beste batzuek baino gehiago behar du. Egoera bakoitza hobeto baloratu beharko litzateke; hobeto lehenetsi behar da txertoa nori jarri aukeratzerakoan.

"Hobeto lehenetsi behar da txertoa nori jarri aukeratzerakoan"

Itxaropena duzu datozen hilabeteetan?

Bai, itxaropentsu nago. Beti izan naiz oso positiboa, eta uste dut denak hobera egingo duela. Nire ustez, birusa ez da erabat desagertuko, gripea bezala geratuko da; baina behar bezala txertatuta eta kontu pixka batekin ibiltzen bagara, bizitza "normala" egin ahal izango dugu berriro. Horixe nahi dut, guztion onerako, baita nire eta nire seme-alaben onerako ere. Jendeak bere bizitza berregin behar du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago