Koronabirusa

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du

Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 10:10

Errioxatik Arabara sartzen den errepidea. / Google Maps

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera ezarri du larunbatetik aurrera, koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurri gisa. Legeak konfiskazioa eta pertsonen zirkulazioaren mugatzea bezalako neurriak aurreikusten ditu.

Alarma egoera salbuespenezko araubide gisa jasota dago Espainiako Konstituzioaren 116.2 artikuluan. Muturreko kasuetarako dago aurreikusita, hala nola: hondamendietan, hornidurarik gabeko egoeretan edo osasun krisietan.

Indarrean irauten duen epean -hamabost egun, gehienez-, Gobernuak hainbat neurri ezarri ditzake: ordu eta leku jakin batzuetan pertsonen zein ibilgailuen zirkulazioa edo egonaldia mugatzea edo baldintzatzea. Herritarren mugikortasun askea bertan behera geratuko litzateke.

Gobernuak era guztietako ondasunak aldi baterako konfiskatu ditzake, tartean, industriak, lantegiak, ustiategiak edo lokalak; ez, ordea, etxebizitza pribatuak.

Horrez gain, zerbitzuen erabilera edo premia biziko artikuluen kontsumoa mugatu edo arrazionalizatu dezake; halaber, merkatuen hornikuntza eta premia biziko produktuen ekoizpen zentroetako zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko beharrezko aginduak eman ditzake.

Bigarren aldia da Espainiako Gobernu batek agintzen duela. 2010eko abenduan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak alarma egoera ezarri zuen, aireportuko trafikoa geldiarazteko mehatxua egiten zuten kontrolatzaileen greba bertan behera uzteko.

Espainiako Estatuan 4.200 koronabirus kasu baino gehiago daude momentu honetan, eta 120 pertsona baino gehiago hil dira. Ostiral goizean osasun larrialdia ezarri du Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak hartu berri dituen neurrien ildo berean.

Bederatzi hildako Araban

Azken datu ofizialen arabera, Covid-19 birusak kutsatutako 310 pertsona daude Araban dagoeneko, ostegunean baino 51 gehiago; horietako 131 ospitalean daude. Bederatzi arabar hil dira orain arte koronabirusak kutsatuta, eta osasun krisialdi larria bizi du herrialdeak.

Arabak Europako kutsatze tasarik altuena du (0,95) momentu honetan, Madrilgo edo Lombardiako tasak baino handiagoa.

Bastidan eta Gasteizen ikastetxeak itxi ziren astelehenean; erabakia Araba osora zabaldu zen gero, eta astean zehar, bertan behera geratu dira ia kultura, kirol eta gizarte jarduera guztiak. Apirilaren 5ean ospatu beharreko hauteskundeak ere zalantzan daude momentu honetan.

Oraindik ez da neurri zehatzik hartu, baina datozen orduetan autoritateen erabakietako bat hiriak isolatzea izan liteke. Momentu honetan, Europako foku nagusietako bat da Gasteiz, eta hiria ixteko aukera mahai gainean dago, baita buloak ere. Hala ere, oraingoz ez dago balizko neurri honen inguruko informazio ofizialik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago