Egun 158 ikasle, 13 irakasle eta beste hainbeste langile dituen Bastida Ikastolako zuzendari Ketxu Bedialaunetak (Ondarroa, 1961) egun hauetan bizitakoa kontatu du.
Nola izan zenuten itxieraren berri?
Igande arratsaldean Ikastolen Elkarteko zuzendariak deitu zidan Hezkuntza Sailaren deia jasoko nuela esanez. Handik ordubetera jaso nuen deia: astelehenean Bastidako ikastola eta eskola publikoa itxi beharko genituen.
Zer egin zenuten orduan?
Nik gurasoak emailez abisatzen nituen bitartean, ikastolako gerenteak garraio enpresak eta jantokiko sukaldariak informatu zituen. Gero irakasle ez diren langileak abisatu genituen… Zoramena izan zen. Badakizu koronabirusa hortik badagoela, baina ez duzu espero.
Astelehen goiza iritsi zen eta…
Klaustroan elkartu ginen, nola lan egingo genuen erabakitzeko, baina ni apenas egon nintzen, hedabideekin nengoelako. Ondoren, Arabako leku zehatz batzuetako eta Gasteizko ikastetxeetako zuzendariak bilera batera deitu gintuen Hezkuntza Sailak. Bertan eman ziguten hartutako erabakiaren berri: prebentzio neurriengatik, ez zuten nahi umeak leku itxietan elkartzea.Zeintzuk dira orduan jaso zenituzten irizpideak?
Hasiera batean zentroak itxi behar zirela zirudien, baina irizpidea eskola jarduera etetea da. Langileak zentrora joan behar gara: irakasleek emailez lan egiten dute umeekin, eta irakasleak ez direnak, adibidez, eskola garbitzen edo bestelako lanetan. Hala ere, beste prebentzio neurrien artean, denak batera ez elkartzeko irizpidea dugu.
Nola erreakzionatu zenuten Bastidako ikastetxeetan?
Erabakiak lasaitasuna eman zigun. Hasiera batean bazirudien foku guztia hemen zegoela eta gu ginela eskola itxi behar zuten bakarrak, 1.500 biztanle dituen herri txiki batean.
Eta ikastetxea martxan dago...
Hasieran jokoz kanpo harrapatu gintuen, baina asteartetik lasaiago gaude. Erreakzionatu dugu eta moldatuko gara egoera berri honetara. Irakasle batzuek umeak dituzte, eta bizitzak berrantolatu ahal izateko ordutegi malguak ezarri ditugu. Familien kasuan askoz korapilatsuagoa da, baina ahal duten moduan moldatuko dira.
Zaila al da eguneroko lana aurrera ateratzea?
Ikasleei etxeko lanak bidaltzen dizkiegu eta hauek zuzentzen ari gara. Dena den, ez da berdina bosgarren mailako ikasleekin edo ume txikiekin lan egitea, eta, gainera, irakaslea zarenean gustatzen zaizuna umeekin egotea da. Ez daukagu ohiturarik horrela lan egiteko.
Eta egoera martxoaren 24rako konpontzen ez bada?
Hurrengo urratsak pentsatzen ari gara, baina oraindik ez dakigu nola erreakzionatuko dugun. Egunero ikusi behar da: ikastetxea zabaltzen duzu baina ez dakizu zer tokatzen zaizun. Ea martxoaren 24rako dena konpontzen den. Hori espero dut.