Gaixotasunaren eragina gutxien jasan arren, transmisio uhal arriskutsutzat jotzen dira haurrak, nerabeak eta gazteak. Arabako 60.000 ikasle inguru klasera joan gabe egongo dira, oraingoz, martxoaren 24ra arte, koronabirusa geldiarazteko ahaleginean Eusko Jaurlaritzak agindutako prebentzio neurrien ondorioz.
Bastidako zentroen berriaren ostean, berehala iritsi zen Gasteizko lehen kasua: Zaramaga auzoko Odon de Apraiz ikastolara 09:30ean sartu behar ziren ikasleek ez zuten eskolarik izango astelehenetik aurrera, bi irakasle koronabirusarekin kutsatu zirelako.
"Badirudi goizeko lehen orduan mezuak iritsi zirela telefonora, baina ni ez nintzen enteratu", azaldu du bere bi alabak Odon de Apraiz ikastolara eramaten dituen Ixi Mateosek (Beasain, 1983): "Gurasoak normalean baino mugituago ikusi nituen, telefonoari begira… eta harritu nintzen".
Eskolara iritsi zirenean atea itxita topatu zuten, baina ez zegoen inolako oharrik. Dena whatsapp bidez jakin zutela azaldu du Mateosek, eta hasieran barrez hartu bazuten ere, berehala azaleratu zen egoeraren ondorio nagusia: "Orain zer egingo dugu guk umeekin?". Eta jarraian "etxeko logistikari begira" jarri zirela dio, prentsan irakurritako prebentzio neurri orokorrez gain irizpiderik jaso ez zuten arren.
Hurrengo egunetan, Arabako hiriburuko parkeak eta plazak aiton-amonekin jolasten duten umeekin bete dira, baina ez da familia honen kasua, bikotekidearen gurasoak Gasteiztik kanpo bizi direlako. Izan ere, klaserik gabeko umeen zaintza kezka nagusietako bat bilakatu da: "Eskerrak nire bikotea bajan dagoen; bestela ez dakit nola egingo genukeen".
Hala ere, Ixi eta Eñauten kasua salbuespena da, eta umeak zaintzeko aukera izango dute ezohiko egoera bati esker.
Martxoaren 24ra bitartean zer gertatuko ote den ziurgabetasunez bizi du ama honek: "Bajoi momentuak ere izan ditut… hainbesteko mobida beharrezkoa da?". Baina langileentzako zein familientzako kalteak ikusita, "gauza potolo" baten aurrean gaudela deritzo Mateosek: "Ez da txantxa bat".