Koronabirusa

Zeintzuk dira sintomak? Nola kutsatzen da? Zer egin ez kutsatzeko?

Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 13:21

Alissa Eckert - MS, Dan Higgins - MAM

Koronabirus gaitzari buruzko informazio lagungarria, gomendioak eta aholkuak.

Zeintzuk dira sintomak?

Sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Larritasun handiagoko kasu batzuk egon daitezke, eta kasu batzuetan infekzioak pneumonia eragin dezake.

Tratamenduari erantzuten ez dioten paziente larrietan, eta, bereziki, aurretik gaixotasunen bat badute, konplikazio larriagoak izan ditzakete, eta hil ere egin daitezke. Kasurik larrienak, normalean, adinekoetan ematen dira, edo beste gaixotasunen bat dutenen artean, hala nola bihotzekoak, birikak edo immunitate-arazoak.

Nola kutsatzen da?

OMEk zabaldutako datuak direla eta, tamaina ertaineko tanten bidez transmititzen den gaixotasuna da. Horrek esan nahi du kutsatzea ukitu edo doministiku egiten duen pertsonarengandik metro edo metro eta erdira irits daitekeela.

Behin pertsona bat koronabirusak kutsatzen duenean, sintomak gripearen oso antzekoak izan ohi dira, hau da, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasuna edo artikulazioetako mina. Kutsatutako pertsonen heriotza-tasa %2 da. Horrek esan nahi du birusa hartzen duten pertsona gehienak sendatu egiten direla.

Nola jakin kutsatuta egon ote naitekeen?

Gaur-gaurkoz, hauxe da gomendioa: gaitzak jotako lurralde batean egon bazara, gaixotasuna transmititzeko arriskua duen gune batean egon bazara eta arnas sintomak badituzu, hala nola eztula, sukarra, eztarriko mina edo arnasa hartzeko zailtasuna, etxean geratu behar duzu eta Osasun Kontseilura deitu (900 20 30 50).

Maskarak lagungarriak al dira?

Maskarek funtzio bat betetzen dute: birusaren hedapena saihestea. Horregatik, maskara jarri behar duena arnas infekzioaren sintomak dituena da. Hala, pertsona bat sintoma horiekin osasun zentroren batera joaten denean maskara jarri behar du, inguruan dauden gainerako pertsonak ez kutsatzeko. Adinekoekin edo immunodeprimituekin kontaktua duten pertsonei maskarak jartzea ere gomendagarria da.

Edonola ere, arnas gaixotasunen bat (koronabirusa ere bai) ez zabaltzeko neurririk eraginkorrena eskuak garbitzea da.

Zenbat denbora irauten du?

Ez dakigu ziur zenbat denbora irauten duen COVID-19 birusak gainazal batean, baina badirudi beste koronabirus batzuek bezala jokatzen duela. Egindako azterketek (COVID-19 birusari buruz eskuragarri dagoen aurretiazko informazioa barne) koronabirusak azalera batean ordu gutxi batzuetatik egun batzuetara arte iraun dezaketela adierazten dute. Eguraldia baldintzen arabera alda daiteke (adibidez, gainazal mota, tenperatura edo ingurunearen hezetasuna).

Gainazal bat kutsatuta egon daitekeela uste baduzu, garbitu desinfektatzaile komun batekin, birusa hiltzeko eta zeure burua eta besteak babesteko. Garbitu eskuak alkoholdun desinfektatzaile batekin edo ur eta xaboiarekin. Ez ukitu begiak, ahoa edo sudurra.

GOMENDIOAK

Garbitu eskuak sarritan xaboia erabilita eta eskuak ondo igurtzita.

Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin.

Eztula edo doministiku egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon gutxienez.

Kutsatzeko arrisku gehien aurpegia ikutzean sortzen da. Ez ukitu begiak, sudurra edota ahoa.

Eskuekin ukitu ohi diren tokiak maiztasunez garbitu, etxean zein leku publikoetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago