Iñigo Urkullu lehendakariak "babes zibileko zuzendaritza bakarra eta erantzunaren zuzendaritza" hartu du, Nekane Murga Osasun sailburuarekin eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin koordinatuta. "Ahaleginaren ezohiko izaera justifikatuta dago. Mugarri historikoa da bere larritasunagatik", defendatu du lehendakariak.
Nekane Murga Osasun sailburuak aldarrikatu du Osasun Larrialdi Egoera; bestalde, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatu du. Datorren astelehenean, martxoaren 16an, alderdi politiko guztiekin bilera deitu du lehendakariak.
Salbuespenezko euste neurriak
Oraindik ez dituzte zehaztu legearen aplikazioak ekarriko dituen neurri zehatzak, eta datozen orduetan edo egunetan garatuko dira; baina Larrialdiak Kudeatzeko Legeak salbuespenezko hainbat neurri aurreikusten ditu bere 8.2 artikuluan:
- A) Pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzea.
- B) Pertsonak arrisku-lekuetatik ebakuatzea edo urruntzea.
- C) Arrisku-eremuetara edo operazio-eremuetara sartzeko mugak.
- D) Zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa mugatzea edo baldintzatzea.
- E) Leku jakin batzuetan jarduerak mugatzea edo debekatzea, eta arreta, prebentzio edo portaera zehatzak hartzeko betebeharra.
Lehendakariak berak zortzigarren artikulua irakurri du, eta gobernuak herritarren eskubide batzuk mugatzeko ahalmena duela onartu du. Enpresa eta komunikabide pribatuak ere larrialdia egoeran laguntzera "behartuta" egongo direla iragarri du. Legearen aplikazioaren epea mugatua da, krisiak irauten duen bitartean.
Ostiral honetan, 8:30ean egindako ezohiko Gobernu Kontseiluaren ostean iragarri ditu neurriak Iñigo Urkullu lehendakariak. "Oraindik ez da okerrena pasatu", iragarri du agerraldian, koronabirusaren hedatzea geldiarazten laguntzeko herritarren inplikazioa eskatuz.
Foru Aldundiak Arabako Lurralde Historikoko Larrialdietarako Foru Plana (ALHLP) aktibatu eta bere baliabideak Eusko Jaurlaritzaren esku jarri dituela iragarri du ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek.
Bederatzi hildako Araban
Azken datu ofizialen arabera, Covid-19 birusak kutsatutako 310 pertsona daude Araban dagoeneko, atzo baino 51 gehiago; horietako 131 ospitalean daude. Bederatzi arabar hil dira orain arte koronabirusak kutsatuta, eta osasun krisialdi larria bizi du herrialdeak.
Arabak Europako kutsatze tasarik altuena du (0,95) momentu honetan, Madrilgo edo Lombardiako tasak baino handiagoa.
Bastidan eta Gasteizen ikastetxeak itxi ziren astelehenean; erabakia Araba osora zabaldu zen gero, eta astean zehar, bertan behera geratu dira ia kultura, kirol eta gizarte jarduera guztiak. Apirilaren 5ean ospatu beharreko hauteskundeak ere zalantzan daude momentu honetan.
Oraindik ez da neurri zehatzik hartu, baina datozen orduetan autoritateen erabakietako bat hiriak isolatzea izan liteke. Momentu honetan, Europako foku nagusietako bat da Gasteiz, eta hiria ixteko aukera mahai gainean dago, baita buloak ere. Hala ere, oraingoz ez dago balizko neurri honen inguruko informazio ofizialik.
Eguneko zentroak itxita
Jaurlaritzaren iragarpenaren ostean, Arabako Foru Aldundiak ere koronabirusaren hedatzea geldiarazteko neurriak eguneratu ditu. Besteak beste, eguneko zentroak itxi ditu eta adineko pertsonentzako eta ezinduentzako egoitzetara bisitak bertan behera utzi ditu. Adingabeen eguneko zentroetako jarduera ere eten du.
Horrez gain, atzeratu egin ditu martxoaren 27rako aurreikusita zeuden Gaitasun Profesionalaren Ziurtagirirako (GPZ) probak. Eta Aldundiak azaldu duenez, Probintziako Artxiboa eta Iruña-Veleiako zein La Hoyako aztarnategiak itxi dituzte.