Ez dute etsiko pentsio duinak lortu bitartean

Mirian Biteri 2018ko mai. 25a, 06:00

Manifestazio "erraldoiak" deitu dituzte Euskal Herriko pentsionisten plataformek larunbaterako, hilaren 26rako; Gasteizen Artiumen egin dute ostera ere hitzordua, 12:00etan.

Egun garrantzitsua da larunbata, maiatzaren 26a: pentsio publiko duinak aldarrikatzeko manifestazio jendetsua deitu du egun horretarako pentsionisten mugimenduak. Baina, hitzordua heldu bitartean, asteleheneko elkarretaratzeekin jarraitzen dute; ehunka lagun elkartzen dira astero, Gasteizko Plaza Berrian. Asteon ere ez dute huts egin, eta Pentsio publiko duinak lelopean, beraien aldarrikapen nagusienak eraman dituzte oihu artean Eusko Legebiltzarreko atariraino.  

Bertan gogorarazi dute pentsioak Espainiako gobernuaren ardurapean badaude ere, Legebiltzarrak ere baduela zeresana, izan ere, honek erabakitzen du eta pentsioekin lotutako osagarria. Amaitu aurretik, larunbateko mobilizazioan parte hartzeko deia ere egin dute, "gizarte osoari" eragiten dion arazoa delako. Astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeei egitura bateratua emateko asmoz antolatu dute pentsionisten alde lan egiten duten plataformek Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak. Eragile askoaren babesa jaso dute horiek; tartean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarena. Hortaz, kaleak jendez betetzea espero dute.

Dagoeneko hilabeteak pasa dira pentsionistek kaleak hartu zituztenetik. Hain justu, 2022 urte bitartean, Espainiako gobernuak pentsioek urtero %0,25eko igoera izango zutela iragarri zuenetik. Erabaki hori "iraingarritzat eta lotsagarritzat" jo zuten eta pentsio publiko duinak eskatzen hasi ziren orduan Euskal Herri osoan. Astelehenetako elkarretaratzearekin batera, manifestazio jendetsuak ere egin izan dituzte orain arte; martxoaren 17koan, esaterako, argi geratu zen aldarrikapen honetan ez daudela bakarrik eta gizartearen babesa dutela. Askotariko adinetako 20.000 lagunetik gora elkartu ziren deialdi horretan. 

2011. urtetik, pentsiodunen erosteko ahalmena %6,5 murriztu dela salatu dute, eta Rajoyren gobernuak iragarritako %0,25eko igoerarekin zein geroago bi urtez pentsioak KPIaren arabera igotzea PP eta EAJ alderdiek hitzartutako akordioarekin (%1,6 aurten; %1,5 2019an) erosteko ahalmen hori "gainbehera" joango dela ohartarazi dute. 

PP eta EAJ arteko akordioa ez da nahikoa

Aipatutako bi alderdiek adostu dutena "aurrerapausoa" dela onartu dute, baina "inondik inora" ez dute nahikotzat jo. Horrekin lotuta, gogorarazi dute hiru direla mugimenduaren aldarrikapen nagusienak: hain justu ere, pentsioak KPIaren arabera igotzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eta azkenaldiko erreformak arbuiatzea.

Kalera ez ezik, erakundeetara ere iritsi da eztabaida; tartean, Eusko Legebiltzarrera. Pasa den martxoan, EH Bilduk 1.080 eurora arteko gutxieneko pentsio bat izateko neurriak hartzea eskatzen zuen legez besteko proposamena aurkeztu zuen. Horrek, baina, ez zuen aurrera egiterik izan, EAJk, PSEk eta PPk horren kontra bozkatu zuten eta.

 

Errealitatea, gertutik

Asteleheneko protestan hainbat lagunen errealitatea ezagutzeko aukera izan du ALEAk:

 

 

Eguzkiñe Bengoa

(Pentsionista) 

"Pentsioen parekotasuna behar dugu".

Irakurri

 

 

Armando Aulestiarte 

(Pentsionista) 

"Denok duintasunez bizi nahi dugu".

Irakurri

 

 

Pablo Borinaga

(Pentsionista) 

"Alde guztietatik daude murrizketak".

Irakurri

 

 

Mila Bengoetxea 

(Pentsionista) 

"ALEAn nire harri- koskorra jartzen dut bertako musikaren alde".

Irakurri

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide