Bere lanean birmoldaketa bat egon zen, eta, horren ondorioz, 30 lagun joan ziren kalera. "Baina negoziatzeko aukera izan genuen eta duintasunez jubilatu ahal izan nintzen", adierazi du.
Bere egoera "oso txarra" ez bada ere, "horrek ez du esan nahi beste jende asko ezinean ez dabilenik". Horren harira, gogorarazi du Euskal Herrian 300.000 lagun inguru daudela gaur egun 1.080 eurotik beherako pentsioa kobratzen dutenak. "Nahi duguna da denok duintasunez bizi ahal izatea. Eta horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, eta hortaz aparte, urtero KPIaren igoera izatea", nabarmendu du.
Larunbateko mobilizazioari dagokionez, honakoa aipatu nahi izan du Auslestiartek: "Manifestazio erraldoia egin nahi dugu eta horretarako deialdi zabala egin dugu: gazteek, langileek, feministek... denek parte hartu behar dute, guztion arazoa delako. Ia orain ere 20.000 lagun elkartzea lortzen dugun", esan du.
Gasteizen, Artiumen egin dute hitzordua, 12:00etan. Ibilaldiari dagokionez, Aulestiartek azaldu du martxoko manifestazioaren berdina egingo dutela oraingoan ere: hain justu ere, Frantzia, Bakea, Ortiz de Zarate eta Dato kaleak zeharkatu ostean, Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da.