"Alargun askoren egoera kritikoa da"

Mirian Biteri 2018ko mai. 25a, 06:00

Bere bizipenak orokortu nahi izan ditu Mila Bengoetxeak, "emakume askok bizi dutelako nik bizi izan dudana".

Langilea izandakoa da, eta baita alarguna ere; 29 urte zituela geratu zen alargun eta, hortaz, "mugitzen" hasi behar izan zen. 

Alargunen egoera "oso gogorra" eta kasu askotan "kritikoa" dela salatu du. Horietako asko, seme-alabak bere ardurapean dituztenak, 700 eurotara heltzen ez den pentsioa jasotzen dutela aipatu du. Egoera horren aurrean, honakoa azpimarratu du: "Ezin da horrela jarraitu, ez dago bizitzerik kopuru horrekin, ez du ematen. Duintasunagatik gutxienez borrokatu behar dugu", nabarmendu du.

Alargunez gain, etxeko andreen egoera ere ekarri du gogora. "Etxeko andreak egon izan ez balira gaur egungo sistema ez zen existituko. Senarra kotizatzen egon den bitartean, emakumeak etxean geratu dira, seme-alabak aurrera ateratzen eta gizonezkoa baino gehiago lan egiten". 

Bengoetxearen ustez, borrokatzen etorriko da irtenbidea: "Entzun beharko gaituzte, ez garelako geratuko.    Kasu egin behar gaituzte; ez dugu onartuko 1.080 euro baino gutxiagoko pentsiorik. Nahi duten tokitik atera dezatela dirua, egon badagoelako. Politikoen soldatak sekulakoak dira, neurrigabekoak. Has daitezela dirua hortik kentzen, eta jarrai dezatela gero beste alor batzuetatik", aipatu du. 

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago