"Pentsioen parekotasuna behar dugu"

Erredakzioa 2018ko mai. 25a, 06:00

Hiru urte daramatza Eguzkiñe Bengoak erretiratuta. Explosivos Alavesesen 20 urtetik gora lanean jardun ostean, 61 urte zituela itxi zuten enpresa.

Bere pentsioa mila eurotik gertu dago, eta "duina" ez bada ere, andre asko bera baino "askoz okerrago" daudela salatu du. "Emakumeek gizonezkoek baino gutxiago kobratzen dugu, lehengo egoeran ez zegoelako berdintasunik eta horrek pentsioetan du eragina. Hortaz, horien parekotasuna eskatzen dugu", azaldu du. 

Bestalde, Bengoak ez du gustuko Espainiako gobernuaren eta EAJren arteko akordioa. Adostutakoa ez dela nahikoa eta pentsioak ez direla negoziatu behar azpimarratu du, horiek ez direlako negoziagarriak.

Horrekin lotuta, honakoa salatu du: "Hauteskundeei begira hartutako akordioa dela iruditzen zait, eta gure pentsioekin ez da jokatu behar. Egin behar dutena da Euskal Herrian 1.080 euroko pentsio duinak ematea, legez aurreikusita egongo dena", azpimarratu du. 

Egoera aldatzen ez den bitartean, astelehen eguerdietan zein antolatzen diren gainerako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. "Berdin du pentsionista edo langilea izatea; sektore guztien parte hartzea eskatzen dugu. Orain arte lortutako eskubideak mantentzearekin batera, berriak konkistatzen jarraitu behar dugu. Eta mobilizazioa da horretarako bide bakarra", aldarrikatu du Bengoak. 

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago