Arabako Errioxak hartuko du ostera ere Araba Euskaraz; aurtengoan, Bastida ikastolak jaso du Aguraingo Lautada ikastolak utzitako lekukoa. Eskarmentu handia dute antolaketa lanetan; izan ere, 1981ean Arabako ikastolen aldeko jaia egiten hasi zirenetik, dagoeneko lau bider ospatu da eta festa Bastidan: 1989an egin zuten lehen aldiz; 2004an, Uzta hartu, uztartuaz lemapean etorri zen; 2008an, Ametsak dirau; eta 2012an, Barneratu, barreiatu. Aurtengo ediziorako, WOW! leloa aukeratu dute.
Bisitariak gune batetik bestera erraz mugitu daitezen, ibilbide "laburra, laua eta erraza" prestatu dutela jakinarazi dute antolatzaileek; hain justu ere, 1,5 kilometroko luzera du. Gaur egun, ibilaldi osoa egiteko "ohitura galdu" egin dela, eta, hortaz, guneak gertuago egotea erabaki dute Bastida ikastolakoek: "Jendea sakabanatuta egotea saihestu nahi dugu; dena gertu izatea da asmoa", nabarmendu dute.
Espazioarekin lotutako izenak
Ibilbide horretan, hiru gune egokituko dituzte: nagusiena, Esnebidea izenekoa, ikastolako ingurunean egokituko dute. Hiru azpi-gunetan egongo da banatuta: zehazki, Eguzkia, Proxima Centauro eta Alfa. Aurtengo Araba Euskarazeko leloa eta, bereziki, logoa izan dituzte kontuan guneei izena jartzerako orduan: "Espazioko kohetea bat da gure logoa; horrekin hezkuntzak hartutako bidea islatu nahi izan dugu; bidea bai baina helmuga non dagoen ez dakigu, eta, horrekin, jokatu nahi izan dugu: bi guneei Eguzkia eta Proxima Centauro galaxien izenak jarri dizkiegu; eta hirugarrenari, Prometheus, zientzia-fikziozko filma bateko espazio-ontziarena", nabarmendu dute Bastida ikastolakoek.
Egitarauari dagokionez, ez dago aparteko berrikuntzarik. Gune nagusiak hartuko ditu ekintza gehienak: Bastidako Iskorta eta Gasteizko Mulixka dantza taldeen emanaldiak, bertso saio musikatua eta Huntza edo Hesian musika talde ezagunen kontzertuak izango dira, besteak beste, bertan.
Andromeda edo Zelai Berde guneak, berriz, herri kirolen erakustaldia, herri bazkaria, Oionen sortutako Eh, Mertxe! rock and roll taldearen eta punk eta rocka uztartzen duen Samaniegoko Astoratuak hirukotearen kontzertuak hartuko ditu. "Lasai egoteko gunea da hori", azaldu dute antolatzaileek. Azkenik, Prometheus edo Zelai Handi gunean umeei zuzendutako jarduerak nagusituko dira, hala nola, puzgarriak, Xaibor haur dantzaldia, Korri eta Xalto pailazoak, ipuin kontalaria edo askotariko tailerrak. Hainbat karpa jarriko dituzte gune horretan.
Guzti horrez gain, goizean zehar, kale animazioa izango da trikitilarien eta Zornotzako zaparrada batukada taldearen eskutik; eta Arabako herri arteko pilota txapelketaren finala ere jokatuko da egun horretan, Bastidako kiroldegian. Bestalde, ez dira faltako nerabeei zuzendutako Erronka izeneko probak; iristigrafiti, euskal joko eta jolasak, eski eta surf probak edota kanta eta dantza probak izango dituzte, besteak beste. "Gazteak alkoholetik urruntzeko ahalegin berezia egin dugu aurtengo edizioan hainbat neurri hartuz, tartean, Erronka probak. Horrez gain, kontzertuak eta nerabeei zuzendutako ekintzen ordutegia eta guneak sakabanatu ditugu, egun osoa toki berean geldi egon ez daitezen".
Aholkuak
Esan bezala, Euskal Herri osotik iritsitako milaka lagun espero dituzte igandean Bastidan, eta hortaz, ikastoletatik nahiz herrietatik antolatutako autobusetan joateko gonbita egin nahi izan dute Bastida ikastolakoek; dena dela, gogorarazi dute aparkatzeko hainbat gune egokituko dituztela egun horretan autoan hurbiltzeko beste aukerarik ez dutenentzat.
Horrekin batera, hainbat aholku ere eman nahi izan dituzte, hala nola, garraio publikoa erabiltzea, ingurukoak errespetatzea, oinetako egokiak jartzea, eguzkitik babesteko kremak eta txanoak erabiltzea, natura zaintzea edota berrerabilgarriak diren edalontziak erabiltzea.