Bastidak bosgarrenez ospatuko du aurten Araba Euskaraz festa. 1979. urtean sortu zen Bastidako ikastola, baina 1989. urtera arte ez zuen lehen Araba Euskaraz antolatu. Orduan, gela bat, andereño bat eta zazpi bat ikasle zituen ikastolak. Guraso talde batek, ikastolaren beharra ikusita, jendea bildu eta zeuden aukera guztiak aztertzeari ekin zion. Tartean, Miren Uriarte, Jose Luis Petralanda, Agustin Egiluz, Luis Saez de Bikuña, Pedro Nogueras eta Mari Carmen Lacuesta ibili ziren lanean, buru-belarri. 1979ko irailean sortu zuten ikastola. Apal hasi ziren eta gaur egun, berrehun bat ikasle dira Bastida ikastolara egunero gerturatzen direnak.
Hasiera gogorra izan zen ikastola txikiarentzat, eta estuasun ekonomikoak igaro zituzten, andereñoari ordaintzeko arazoak, haurrentzako materiala erosteko... Gainera, herriko gurasoei ahalik eta erraztasun gehienak eman nahi zizkieten egitasmoa aurrera ateratzeko, ikastolan izena eman ordez eskolan emango zutelako bestela. Hortaz, imajinazioa erabili behar izan zuten diru-iturri alternatiboak lortzeko, eta adibidez, pilota partidak antolatzen hasi ziren; Olabide ikastolarekin hitzarmena ere egin zuten, andereñoari ordaindu ahal izateko.
Ingurune sozio-linguistikoak eta politikoak ez zuten gehiegi lagundu; ikastolaren alde apustua egin zuen guraso taldeak bizilagun askoren eta tokiko erakunde publikoen axolagabekeriarekin topo egin zuen. Eremu erdaldunean zegoela, eta haur guztiak erdaldunak zirela kontuan hartuta, hasiera batean B eredua ezarri zuten ikasgelan. Alta, euskarari aparteko garrantzia eman zioten, eta gai garrantzitsuenak euskaraz irakasten zituzten.
Eskola publikoarekin
Herriko eskola publikoarekin partekatzen zuten udal eraikin bat eta jolastokia, nahiz eta ordu desberdinetan ateratzen ziren. Jantokirik ez zegoen, eta umeak herriko jatetxe batetara eramaten zituzten bazkaltzeko orduan.
Handik urte batzuetara, 1996-97 ikasturtean, D eredua jarri zuten martxan Bastida ikastolan. Aldaketa horren arrazoia ikastolan egindako hausnarketa bat izan zen: euskara bultzatu, eta haur haiek euskaraz bizi zitezen lortu nahi bazen, beharrezkoa zen ikastolako jarduera aldatzea, eta euskara hutsean aritzea. Ume haien euskal eredu eta eremu bakarra ikastola zen, eta horregatik aho batez erabaki zuten aproposagoa zela D eredua abiatzea.
Horrekin batera, 1991. urtean Ikastolen Elkarteak proposatutako Eleanitz-English proiektua ere martxan jarri zuten. Bi aldaketa hauekin ikastolaren egunerokoa eta handik aurrerako jarduna "irauli" zuten, eta garai hartako behar nagusietako bat ase zuten: haurrak euskarara murgiltzeko bitarteko guztiak jartzea, hain zuzen ere.
Hala ere, oraindik euskara ikastolako eremura mugatuta zegoela ikusi zuten, eta horregatik, 90eko hamarkadan zehar, Euskaraz Bizi proiektuan murgildu ziren, "euskara gelatik eta ikastolatik ateratzeko".
Jauzi nagusia, 2006. urtean
Aipagarria da 2006-07 ikasturtean gertatu zen aldaketa, jauzi handia ekarri baitzuen Arabako Errioxako ikastolarentzat, eta etorkizunera begira egitasmoa finkatzen lagundu zuen. Ikasturte hartan ordura arte izandako udalaren eraikina utzi, eta eraikin propioa lortu zuten. Eraikin horrek hobe asetzen zituen ikasleen eta irakasleen beharrak, handiagoa baitzen, eta bertan gela bereziak antolatu ahal izan zituzten.
Gainera, eraikin berriarekin batera, Lapuebla de Labarcako Assa ikastolarekin elkarlan sakon bat martxan jarri zuten: Assa ikastolan Bastida ikastolako gela bat zabaldu zuten, DBH 1. eta 2. mailak bertan ikasi ahal izateko.
Ikastola berria eraikitzeko erabakia 2003-2004 ikasturtean hartu zuten; izan ere, ikasturte horretan 141 haurrek eman zuten izena ikastolan, eta eskolarekin partekatzen zuten eraikina oso txikia geratzen ari zela ikusi zuten. Hartara, beharrezkoa zuten dirua biltzeko, 2004. urtean, bigarrenez hartu zuen Araba Euskaraz Bastidak, eta bildutako diruarekin ikastolak eraikin berria estreinatu ahal izan zuten 2006–2007 ikasturtean. 2008. urtean, oraindik ordaintzeke zuten maileguari egin zioten aurre.
Aipaturiko helburu ekonomikoa ez ezik, Arabako ikastolen jaiak beste hainbat ditu. Ikastolen egitasmoa "zabaldu, indartu, eta ezagutarazi" nahi dute, festan parte hartzen duten herritarrei jaia haiena dela sentiarazi ahal izateko. "Herritarrei ikastolarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko gertu sentitzeko aukera eman nahi diegu", aipatu du aurtengo jaialdiaren aurkezpenean Bastida ikastolako zuzendari Ketxu Bedialaunetak.
Herritarren parte hartzea nabarmendu zuten Bastida ikastolako arduradunek 2008ko Araba Euskaraz festa egin eta gero. Euskarak herriko txoko guztiak bete zituen orduan, eta Arabako Errioxan eguneroko bizitza euskaraz ere egin daitekeela frogatu zela azaldu zuten antolatzaileek.
2012. urtean, 175 ikasle
2012. urtean ospatu zen azkenekoz Araba Euskaraz Bastidan; orduarte egindakoa eta etorkizunean egin beharreko lanarekin zuten konpromisoa agerian utzi zuen festarako aukeratutako leloak: Barneratu, barreiatu. Euskara ikastearen garrantzia islatu nahi izan zuten goiburu harekin, ondoren hizkuntza hori Bastidan eta Arabako Errioxan barreiatzeko, eta besteek ere ikasteko.
Ordurako, 175 ikasle zituzten Bastida ikastolan, eta kalitatezko hezkuntza integrala ziurtatu ahal izateko laguntza jaso zuten. "Ditugun baliabideak hobetu, egokitu behar ditugu. Etengabekoak dira egin beharreko egokitzapenak, eta proiektua aurrera aterako bada, denon konpromisoari esker, denon ekarpenari esker bakarrik aterako da aurrera".