Ikastolen aldeko festa izango dugu Bastidan igandean, hau da, euskararen aldeko festa. Horren harira, bazter guztietan ikusten ari gara aurtengo Araba Euskarazen irudia: espazio-ontzia. Bastidako ikastolak hezkuntzaren bidea irudikatu nahi izan du horrekin; nik euskarak gure eskualdean daukan ibilbidea ere ikusten dut irudi horretan.
Espazio-ontziak bide luzea egin du honaino iristeko, euskarak Arabako Errioxan egin duen bezala. Bide horretan aldaketak eman dira; oso adierazgarria izan da euskararen gaitasun mailan emandakoa. Datuei erreparatuz, euskaldunen kopurua bikoiztu egin zen gure eskualdean 2001etik 2011ra. Horretarako ezinbestekoa izan da Ikastolek edota Euskaltegiak egindako lana. Gainera, kontzientziazioan ere aurrerapauso handiak eman dira; Araba Euskaraz eta horren tankerako jaiak bide honetako eragile garrantzitsuak izan dira. Baina hori guztia ez da nahikoa izan. Erabilerari erreparatzen badiogu, gure kaleetan argi eta garbi ikus dezakegu ez dela nahikoa izan.
Baina, zergatik dugu hain erabilera txikia? Besteak beste, kontzientziazio maila nahikoa ez delako, ezta gaitasun maila ere. Adibide batzuk aipatzearren, euskalduna ez den laguna tartean badago edo zalantza izatekotan, zuzenean erdarara jotzen dugu. Halaber, administrazioan edota zerbitzuetan "Arabako Errioxan gaudela eta hemen euskara beharrezkoa ez dela" aitzakiapean ez dugu ikasten. Horrelako portaerek ez diote aurrera jarraitzen uzten gure espazio-ontziari.
Hortaz, orain arteko norabidean eragiten jarraitu behar dugu, eta euskarak esparru berriak bereganatu behar ditu, erabilera zabaltzeko eta normalizazioaren helmugara iristeko. Bitartean, igandean ospatuko dugun Araba Euskaraz ezinbestekoa dugu espazio-ontziari bultzada emateko.