Bastida ikastolako zuzendaria da Ketxu Bedialauneta (Ondarroa, 1961). Arabako Errioxako ikastolaren egungo egoeraren berri eman dio alea-ri Araba Euskaraz festaren atarian; erronka "aitzindariak" izatea dela nabarmendu du, eremu ez euskaldunetik ere ikasleak erakarri ahal izateko.
Dena prest?
Bai. Larunbatean hasi ginen aparkalekuak markatzen, ikastola margotzen... eta jada aurrelanak eginda daude. Kartelak ipintzen hasiko gara, eta iganderako dena prest izango dugu.
Bastida ikastolako zenbat lagun ari zarete prestaketa lanetan?
Ikastolako gurasoak, ikasle ohiak, irakasleak eta herriko jendea dabil prestaketa lanak egiten, 50 lagun inguru ari gara. Egunean bertan kanpoko jendearen laguntza izango dugu, Arabako Ikastolen Elkartearena eta beste ikastolena; kalkulatzen dugu 400 edo 500 pertsona behar direla.
Arabako Errioxako erakundeen laguntza jaso duzue?
Bai. Udalaren eta Arabako Errioxako Kuadrillaren laguntza izan dugu, eta inguruko ikastolako lagunak ere etorriko dira, boluntario eta euskaltzale guztiak bilduko dira, Oiondik, Vianatik…
Diru irabaziak zertarako izango dira?
Haur Hezkuntzaren marko pedagogiko berria, konfiantzaren pedagogia, ezartzeko baliatu nahi dugu dirua; horrek esan nahi du ikastolan obrak egitea, espazioak zabaltzea, eta horrekin batera formakuntza bat egitea. Horrekin batera, Lehen Hezkuntzan EKI proiektua ezarri behar dugu; erronka bat da, dispositibo berriak erosi behar dira...
Egitasmo horiek martxan jartzearekin batera ikastola handitzea espero duzue?
Errioxaz inguratutako herri txiki batean lan egiten dugu; ume gutxi daude Bastidan, eta matrikulazio kanpaina herritik kanpo egin behar dugu, bizirauteko. Aurtengo matrikulazio kanpainan, esate baterako, 18 ume aurre-matrikulatu ditugu; eta bide horri eutsi behar diogu. Aitzindariak izan behar gara, eremu ez euskaldunetik jendea erakartzeko: Harotik, Casalarreinatik, San Vicente de la Sonsierratik; guk eskaini behar dugu zerbait berezia dena, zerbait ezberdina dena, aitzindariak izan behar gara, inguruko onenak. Ilusioa ez zaigu falta.
Zeintzuk dira Bastida ikastolaren egungo zenbakiak?
Une batean iritsi ginen 182 ikasle izatera, baina krisiaren eraginez eta jaiotza-tasaren jaitsieraren eraginez, batzuk galdu genituen, eta orain 171 ikasle ditugu: Haur Hezkuntzan 64 eta Lehen Hezkuntzan 97. Baditugu lau tutore HHn, Hezkuntza Bereziko bi laguntzaile, sei tutore LHn, eta hiru espezialista gehi orientatzaile bat. Halaber, baditugu bi ikasgelategi Lapuebla de Labarcako Assa ikastolan, batak 21 ume ditu eta besteak 15. Izan ere, 1. eta 2. DBHko mailak Assa ikastolarekin partekatzen ditugu.
Nongoak dira umeak?
Hiru autobus ditugu: Bat Casalarreinatik ateratzen da; Angucianan, Brionesen, eta Haron gelditzen da. Bigarrena Mirandatik dator, umeak uzten ditu, eta San Vicente de la Sonsierrara doa ume gehiago jasotzera. Gu Bastidako jaiotze tasarekin ezin gara bizi, beraz kanpainak egiten ditugu kanpotik ekartzeko umeak; gurasoak euskaltzaleak dira, eta aukera ematen diegu euskaraz ikasteko. Modu horretan, gero bi aukera dituzte: Logroñora joatea edo Gasteizera. Gurasoen ikuspuntu batetik begiratuta aukera bi izatea bikain dago.
Euskara zabaltzeko, Arabako Errioxan lan handia dago egiteko?
Erabilera mailan urrats asko falta zaizkigu, jendeak euskara badaki baina ez du normalean erabiltzen, eguneroko harremanetan; erronka da egunerokotasunean euskara erabiltzea eta bizitzea.
Horretan zer eman dezake ikastolak?
Euskara irakasteaz gainera, falta zaigu kanpo ekintzara begira gehiago egitea. Euskara formala dago, eta euskara ez formala, kalean erabiltzen dena, eta hori da bultzatu behar duguna, euskara informal hori, pilota eskolan, kale ekintzak antolatuz…; ni Ondarroan jaio nintzen eta zortea dut, kalean, etxean euskaraz bizitzeko aukera izan dudalako. Kuadrilla badabil horretan lan egiten, baina ikastolan ere euskara informalaren erabilera errazteko urratsak egin behar ditugu.
Araba Euskaraz beharrezkoa al da?
Beharrezkoa da euskaltzaleok eta euskaldunok gure izana adierazteko espazio bat behar dugulako; etekin ekonomikoa inportantea da, baina beste hori da inportanteena: Araban esan behar dugu euskara bizitzeko modu bat dela, eta eskubidea dugula euskaraz bizitzeko.