Aitor Abeziak 2015etik gidatu duen talde independentearen desagerpenarekin, estreinakoz Zanbranako alkatetza lortu du PSEk, Trinidad Zarzaren eskutik. PSEren garaipena ukaezina izan da: zazpi zinegotzietatik lau lortu dituzte, beraz, gehiengo osoarekin gobernatuko dute. Osoko bilkuraren beste zatia EAJk osatuko du, hiru zinegotzirekin, aurreko agintaldian baino bat gehiago.
Gainera, Arabako bere gotorlekuari eutsi dio PSEk, Iruña Okan hauteskundeak irabazita. Miguel Angel Montesek eta bere taldeak orain arte zituzten lau zinegotziei eutsi diete. Añanako udalerri nagusian gertatu den aldaketa bakarra Elkarrekin-Podemos-ek galdu duen zinegotzia da, PPren alde. Horrela, Elkarrekin-Podemos-ek Gasteizen bakarrik izango du ordezkaritza.
Berantevillan, berriz, Mario Pereak gidatu duen talde independenteen desagerpenak EAJren erabateko garaipena ekarri du; zinegotzien kopurua bikoiztu dute jelkideek, eta sei zinegotzi dituzte orain. PPk zinegotzi bakarra izango du udalerrian.
Erriberabeitian, Erriberabeitia Bizirik talde independenteak irabazi ditu hauteskundeak. Bere ordezkaritza bikoiztea lortu du, eta bi zinegotzi izatetik lau izatera igaro dira. AHTaren aurkako jarrera argiagatik nabarmendu dira independenteak, eta Ekiluz enpresa fotovoltaikoak Erriberabeitiko bizilagunei eginiko "iruzurraren" salaketa egiteagatik. Azken agintaldian, EAJk PSEko zinegotzi bakarraren babesarekin gobernatu du. Orain, osoko bilkuran independenteen lau ordezkari, EAJko hiru eta PPko bi izango dira.
Kuartangon, berdinketa
Eserlekuen berdinketa gertatu da Kuartangon. EH Bilduk 109 boto eta hiru zinegotzi lortu ditu; eta EAJk, berriz, 99 boto ditu eta hiru zinegotzi. PPk 32 botorekin zinegotzi bakarra izango du. 2019ko hauteskundeetan zinegotzien (3) eta botoen (106) berdinketa izan zen EAJren eta EH Bilduren artean, baina PPren botoari esker jelkideek gobernatu dute udalerria.
Añanako Kuadrillako gainerako udalerrietan, Añanan, Lantaronen, Armiñonen, Gaubean eta Erriberagoitian, EAJk aise irabazi du, nahiz eta guztietan botoak galdu dituen. EH Bildu bigarren indar bozkatuena izan da Añanan, Gaubean eta Erriberagoitian.
GRAFIKOAK
AÑANA
Añana
Armiñon
Berantevilla
Erriberabeitia
Erriberagoitia
Gaubea
Iruña Oka
Kuartango
Lantaron
Zanbrana
|
|