Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Tubacexeko langile bati

Erredakzioa 2023ko uzt. 4a, 10:00
Elkarretaratzea Gasteizko epaitegien aurrean, ekainaren 15ean. Argazkia: LAB sindikatua

Ekainaren 15ean epaitutako beharginari sei hilabeteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa ezarri dizkio epaileak, 2021eko greban jazotako istiluetan atxilotu zuten unean "erresistentzia" agertzea egotzita.

Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan antolatutako mobilizazio eta protesten harira, sei pertsona —batzuk Tubacexeko langileak eta beste batzuk Aiaraldeko bizilagunak— epaituko dituzte datozen hilabeteetan, eta Fiskaltzak guztira 20 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat.

Lehen epaiketa ekainaren 15ean izan zen. Bertan, Fiskaltzak 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen Tubacexeko langile batentzat, 2021eko otsailaren 23ko istiluetan agintaritzaren kontrako atentatua eta desobedientzia egotzita. Aste honetan Aiaraldea hedabideak argitaratu duenez, epaileak ondorioztatu du akusatuak ez zuela agintaritzaren aurkako atentaturik egin, baina sei hilabeteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa ezarri dizkiote atxiloketan erresistentzia erakusteagatik.

Zigortutako langileak ez du kartzelara joan beharko, zigorra bi urte baino gutxiagokoa delako —zigorra espetxean betearazteko gutxienekoa—. Hori bai, beharginak 536 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkie hiru ertzaini, atxiloketaren unean atzamarretan eta belaunean mina hartu zutelako. Nolanahi ere, epaiari helegitea jarriko dio langileak.

Hurrengo epaiketa, irailean

Oraingoz, 2022ko azaroan epaitutako eta absolbitutako Aintzane Mendiaren eta ekainaren 15ean epaitutako langilearen kasuak iritsi dira epaitegietara. Bestalde, irailean beste hiru herritar epaituko dituzte. Aiaraldeko beste hainbat enpresatako hiru langile dira, eta lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigor eskaerari egingo diote aurre. Epaiketa horiez gain, beste bi langile daude epaiketaren dataren zain.

"Enpresako langileak ez direnen kontra gehiegizko zigorrak eskatzeak bi helburu ditu: alde batetik, saltzea protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek sortu zituztela; bestetik, borroka kriminalizatzea eta herritarren eta gizartearen artean babesa jasotzea ekiditea", kritikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide