Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan antolatutako mobilizazioen harira, zazpi pertsona epaituko dituzte, eta Fiskaltzak guztira 20 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat. Akusatuak greban zehar identifikatutako, salatutako edo atxilotutako herritarrak dira; horietako batzuk Tubacexeko langileak, baina baita Aiaraldeko bizilagunak ere.
Horren aurrean, agerraldi jendetsua deitu dute igande honetan, ekainaren 11n, 12:00etan Laudioko lantegiaren aurrean. Laneko arroparekin bertaratzeko deialdi berezia luzatu diete Tubacexeko eta eskualdeko beste enpresatako langileei. Bertan, laster ospatuko diren epaiketen inguruko informazioa emango dute, baita akusatutako langile eta bizilagunen aldeko elkartasun dinamikari buruzkoa ere.
Akusazioak Tubacexeko lan gatazkaren inguruko bi protestarekin lotuta daude: alde batetik, hiru langileri 36, 21 eta 18 hilabeteko espetxe zigorrei egin beharko diete aurre, desordenak eta agintaritzaren kontrako erasoak leporatuta; bestalde, hiru herritarrentzat lau urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorrak eskatu ditu Fiskaltzak, Saratxoko piketeko gertakariengatik; beste sei lagunekin batera, 2022ko azaroan epaitutako eta absolbitutako Aintzane Mendiaren kasua salatuko dute ere.
"Ez da delitua"
Horrez gain, LAB sindikatuak azpimarratu du "langileek isunak, mehatxuak eta neurriz kanpoko egozteak" jasan behar izan dituztela greban zehar eta grebaren ondoren. "Bakoitza modu indibidualean gauzatu bada ere, borroka kolektiboaren aurkako eraso zuzenak izan dira. Leporatzen dizkieten gertaerak beste muntaia judizial batean oinarritzen dira, Tubacexeko grebatik sortutako elkartasun guztia kriminalizatzeko helburua duena".
"Langileen borroka kriminalizatzen saiatu arren, norbere lanpostuaren eta lan eskubideen alde borrokatzea ez da delitua", aldarrikatu du LABek, auzipetutako guztien absoluzioa eta "borroka sindikalaren ondorioz langileen aurka abiatu dituzten prozesu eta jarduera guztiak" bertan behera uztea exijituz.