Aiaraldea hedabideak jakitera eman duenez, poliziaren bertsioaren hainbat puntu zalantzan jarri ditu epaileak, eta, beraz, absolbitu egin du Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan protesta batean ertzain bati eraso egitea egotzita astelehenean epaitutako Aintzane Mendia Tubacexeko langilea.
"Erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatua" leporatuta, Mendiarentzat hamabost hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen akusazioak. Epaiketaren atarian, akordio bat egitea eskaini zioten langileari, baina berak uko egin zion, bere errugabetasunaren defentsari eutsiz.
Epaiaren arabera, ezin da frogatutzat jo Tubacexeko beharginak polizia bat astindu zuela, eta epaiketan aurkeztutako frogak ez dira nahikoak akusatuaren errugabetasun presuntzioa ezbaian jartzeko.
Bideoak froga gisa
Herritarrek grabatutako eta Amurrioko langilearen defentsako abokatuek froga gisa aurkeztutako bideoak, berriz, funtsezkoak izan dira epailearen erabakian. Horien "egiazkotasuna" onartzeaz gain, epaileak ondorioztatu du "zalantzarik gabe" Aintzane Mendia dela bideoan agertzen dena "paper bat eusten", bere aurrean salaketa jarri duen polizia ikusten dela, eta irudiek "erabat baztertzen" dituztela poliziak eginiko zenbait adierazpen.
"Irudietan ez da ikusten ez astindu ez kolperik agentearekiko akusatuaren partetik. Ikusten dena da une batean emakumeak besoak jaisten dituela, borra batekin jasotzen duen kolpearen ondorioz, eta segituan besoak aurrera eramaten dituela. Baina ezin da ziurtatu borondatezko jokabidea denik, ez delako argi ikusten emakumea nahita botatzen den agentearen aurka, bere atzean dauden pertsonen bultzadaren ondorioz desorekatu ondoren doan berarengana edo, besterik gabe, atxilotzen duen agenteak berak trakzionatzen duen", dio epailearen ebazpenak, testualki.
Hori da, hain zuzen ere, langileak epaiketan deklaratu zuena: kartel bat eusten ari zela borra kolpe bat jaso eta arrastaka eraman zutenean. Bi bertsioak kontrajarri ostean, epaileak "arrazoizko zalantzak" agertu ditu Fiskaltzak eskainitako bertsioaren inguruan, eta Mendia absolbitzea erabaki du. Nolanahi ere, Fiskaltzak hamar eguneko epea izango du orain helegitea aurkezteko.