Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan antolatutako mobilizazio eta protesten harira, sei pertsona —batzuk Tubacexeko langileak eta beste batzuk Aiaraldeko bizilagunak— epaituko dituzte datozen hilabeteetan, eta Fiskaltzak guztira 20 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat.
Igandean agerraldi masiboa egin zuten dozenaka lagunek Tubacexek Laudion duen fabrikaren aurrean, epaiketen nondik norakoak azaltzeko eta elkartasun dinamika berri bat plazaratzeko. Tubacexeko auziperatuek beraiek, senideek eta lagunek bultzatu dute kanpaina, Tubacexeko langile batzordearen eta Erresistentzia Kutxaren babesarekin.
Lehen epaiketa ostegun honetan izan da; bigarrena, berriz, irailean izango da; eta bi epaiketa horietan auzipetutako lau lagunez gain, beste bi langile daude epaiketaren zain. Gainera, 2022ko azaroan epaitutako eta absolbitutako Aintzane Mendiaren kasua salatu dute ere. Hortaz, guztira zazpi lagun epaituko dituzte Tubacexeko grebarekin lotutako gertakariengatik.
"Akusatu guztien absoluzioa" aldarrikatu dute gaur Gasteizko epaitegien aurrean, eta "babesa eta elkartasuna" adierazteko deia zabaldu dute.
Lehen epaiketa, ostegunean
Ostegun honetan, ekainaren 15ean, Tubacexeko langile bat epaitu dute Gasteizen. Fiskaltzak 21 hilabeteko espetxe zigor eskaera egin du, 2021eko greban jazotako istiluetan parte hartzea leporatuta, eta agintaritzaren kontrako atentatua eta desobedientzia egotzita. Gogora ekarri dutenez, atxiloketan Ertzaintzak betirako lesioa eragin zion epaituko duten langileari, eta ertzainek "bereziki bortitz" jokatu zuten berarekin.
Irailean beste bat
Bestalde, irailean beste hiru herritar epaituko dituzte. Aiaraldeko beste hainbat enpresatako hiru langile dira, eta lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigor eskaerari egingo diote aurre.
"Enpresako langileak ez direnen kontra gehiegizko zigorrak eskatzeak bi helburu ditu: alde batetik, saltzea protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek sortu zituztela; bestetik, borroka kriminalizatzea eta herritarren eta gizartearen artean babesa jasotzea ekiditea", kritikatu dute.