Elkartasun dinamika abiatu dute Tubacexeko grebagatik auzipetutakoekin

Erredakzioa 2023ko eka. 12a, 11:00
Agerraldia Laudioko fabrikaren aurrean, igandean. Argazkia: AIARALDEA.eus

Guztira 20 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egingo diote Aiaraldeko hainbat herritarrek, Tubacexeko protestengatik: ostegunean izango da lehen epaiketa, eta, oraingoz, irailean beste hiru lagun epaituko dituzte. Guztien absoluzioa eskatu dute.

Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan antolatutako mobilizazio eta protesten harira, sei pertsona —batzuk Tubacexeko langileak eta beste batzuk Aiaraldeko bizilagunak— epaituko dituzte datozen hilabeteetan, eta Fiskaltzak guztira 20 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat.

Igande honetan, 12:00etan, agerraldi masiboa egin dute dozenaka lagunek Tubacexek Laudion duen fabrikaren aurrean, epaiketen nondik norakoak azaltzeko eta elkartasun dinamika berri bat plazaratzeko. Tubacexeko auziperatuek beraiek, senideek eta lagunek bultzatu dute kanpaina, Tubacexeko langile batzordearen eta Erresistentzia Kutxaren babesarekin.

Azaldu dutenez, lehen epaiketa ostegunean izango da; bigarrena, berriz, irailean; eta bi epaiketa horietan auzipetutako lau lagunez gain, beste bi langile daude epaiketaren zain. Gainera, 2022ko azaroan epaitutako eta absolbitutako Aintzane Mendiaren kasua salatu dute ere. Hortaz, guztira zazpi lagun epaituko dituzte Tubacexeko grebarekin lotutako gertakariengatik.

"Akusatu guztien absoluzioa" aldarrikatu du Mendiak berak, agerraldian egindako hitzartzean, eta "babesa eta elkartasuna" adierazteko deia zabaldu du.

Lehen epaiketa, ostegunean

Ostegun honetan, ekainaren 15ean, Tubacexeko langile bat epaituko dute Gasteizen. Fiskaltzak 21 hilabeteko espetxe zigor eskaera egin du, 2021eko greban jazotako istiluetan parte hartzea leporatuta, eta agintaritzaren kontrako atentatua eta desobedientzia egotzita. Lehen epaiketa horren aurrean, elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute, 09:30ean Gasteizko epaitegiaren aurrean.

Prentsaurrekoan gogora ekarri dutenez, atxiloketan Ertzaintzak betirako lesioa eragin zion epaituko duten langileari, eta ertzainek "bereziki bortitz" jokatu zuten berarekin.

Irailean beste bat

Agerraldian jakitera eman dutenez, irailean beste hiru herritar epaituko dituzte. Aiaraldeko beste hainbat enpresatako hiru langile dira, eta lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigor eskaerari egingo diote aurre.

"Enpresako langileak ez direnen kontra gehiegizko zigorrak eskatzeak bi helburu ditu: alde batetik, saltzea protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek sortu zituztela; bestetik, borroka kriminalizatzea eta herritarren eta gizartearen artean babesa jasotzea ekiditea", kritikatu dute agerraldian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide