Hiru urte zain egon eta gero, hemen da. Indartsu abiatu da Amurriotik 22. Korrika, 16:30ean. Euri zaparrada eta hotza ez dira oztopo izan HitzEkin goiburu duen euskararen aldeko lasterraldiari hasiera emateko. AEKren eledun Aitziber Balantzategik eman dio lehen bultzada: "Heldu da momentua, 22. tantoa egitekoa, 22. Korrika abiatzekoa! Euskaraz garela eta izan nahi dugula aldarrikatzeko".
Euskararen alde egitetik ekitera igarotzeko Korrika izango da aurtengoa. Euskararen erronkan, hizkuntza eskubideetan "atzerapausorik" egin ezin daitekeela gogoratu du hasiera ekitaldian. "Euskaraz biziko bagara, geure hizkuntzaren ezagutza unibertsala bermatu behar dugu, eta orain eraiki behar dugu horra eramango gaituzten bideak". Konpromisoetara "jauzi" egiteko deia egin du, elkarrekin, nork bere tokitik. "Lagun gaitzatela horretan administrazioetatik bideratu beharreko hizkuntza politikek; abia ditzatela orain hizkuntza-politika egokiak euskarari prestigioa emateko eta lehenesteko".
Bitartean, AEK-tik lanean aurrera egiteko konpromisoa berretsi nahi dutela nabarmendu du, eta XXI. mendean ere herritarrak euskalduntzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen jarraituko dutela, "ekinaz, hemen ondoan, Tubacexen eta beste hainbat lantokitan erakutsi dizkiguten kemen eta duintasun berberez; segi dezagun nonahi: Amurrioko euskaltegitik Amikuzeko gau eskolara, Tafallako euskaltegitik Zallakora, Oreretara edo Trebiñuko eskoletara...".
"Eskualde aktiboa"
Duela hiru urte amaiera bikaina izan zuen 21. Korrikak Gasteizen, eta, ohiturari jarraiki, Arabatik abiatu da aurten. "Amurriok hartu du edizio berriaren hasieraren ardura eta oparia", gogoratu du Kaitin Allende kazetari eta aktoreak ekitaldian. "Euskararekin eskualde aktibo eta indartsua duzue Aiaraldea, azken urte luzeetan oso dinamika interesgarrian sartuta dagoena, eta horren adibide argia da Aiaraldea Ekintzen Faktoria inguruan sortutako proiektua".
Txalo zaparradak bata bestearen atzetik heldu dira ostean: egunero euskaltegira doazenentzat, belarriprest guztientzat, dakiten euskara erabiltzen dutenentzat... "Errepidera, gau eta egun, atera behar dugun honetan, goraipatu nahi ditugu, gure txalorik ozenena, heldu aroan euskara ikasi duten horiei, eta euskara ikasten ari direnei. Hori da hitzekin ekimena hartzea".
Herrian euskaraz bizitzeko baldintzak sortzen segitzea garrantzitsua dela nabarmendu du Allendek, eta bide horretan AEKren lana beharrezkoa. Hori dela eta, lehen kilometroen aukeraketa zuzena izan da, Amurrioko AEK-ko irakasle taldeak hartu du. Maite Ibarluzeak, Maite Benitok, Iñaki Ibarluzeak, Ione Ugartek, Maruyer Egiak eta Aitzane Praderak egin dute lehenengoa. Aurretik, hamaika egunez, milaka euskaltzale dituzte zain.