Araba sutan: Argandoña, Erriberagoitia, Trebiñu, Mendiola, Baroja...

Erredakzioa 2022ko uzt. 14a, 17:00
Une honetan lau sute daude aktibo Araban. / Argazkia: @112_SOSDeiak

Argandoñako zereal lursail batean beste sute bat piztu da, traktore batek eraginda. Horrez gain, eguerdian zehar beste lau sute piztu dira Villaluengan, Argoten, Mendiolan eta Barojan. Une honetan, suhiltzaileek kontrolpean dituzte horietako gehienak.

Suteek ez dute etenik Araban. Bero-boladaren eta baso-suteen alertaren erdian, gutxienez beste bost sute piztu dira Araban gaurko eguerdian zehar: Argandoña (Gasteiz), Villaluenga (Erriberagoitia), Argote (Trebiñu), Mendiola (Gasteiz) eta Baroja (Urizaharra) kontzejuetan.

Argandoña

13:30ak aldera Argandoña kontzejuan (Gasteiz), hiriburuaren ekialdean, Estibaliz mendiaren magalean.

Antza denez, fardoak egiten ari zen traktore batek eragin du sutea, ibilgailuaren eta harri baten arteko marruskadurak eragindako txinparta txiki baten ondorioz. Sugarrek traktorea eta makineria kiskali dituzte.

Suhiltzaileak bertaratu dira, tartean ur-hegazkin bat, eta dagoeneko kontrolpean hartu dute sutea. Bitartean, A-132 errepidea moztu behar izan dute Andollu eta Argandoña herrien artean.

 

Villaluenga

Eguerdian ere, Villaluengan (Erriberagoitia) piztutako beste sute baten ondorioz, gutxienez herriko etxe bat hustu behar izan dute. Suteak hainbat zereal-lursail kiskali ditu, eta Argantzongo suhiltzaileak —Gaztela eta Leongo Juntaren menpekoak— eta Langraiz Okako suhiltzaileak bertaratu dira, eta dagoeneko kontrolpean dute sutea.

Inguruko nekazariak antolatu dira beren traktoreekin suebakiak egiteko Villaluenga eta Tuyo herrien inguruan, perimetroko zereala moztuz. Erriberagoitiko bizilagunek Udalarekin adostuta zuten uzta biltzeari uztea 12:00etatik 18:00etara bitartean, tenperatura altuengatiko suteak prebenitzeko.

Argote

14:30ak aldera beste sute bat piztu da Argoten (Trebiñu). 16:22an, Arabako suhiltzaileek sutea kontrolpean dagoela baieztatu dute:

Baroja eta Mendiola

16:20ean, SOS Deiak zerbitzuak baieztatu du une honetan bost sute aktibo daudela EAEn; horietako bat Gipuzkoan (Aizkorri) eta beste lau Araban: Argandoña-Andollu, Villaluenga, Baroja eta Mendiola. Azken bi sute horiei dagokienez, oraingoz ez dago informazio gehiagorik, ez suteak eragin dituzten arrazoiei buruz, ez sutearen dimentsioaren inguruan.

Suteak egunero

Bost egunez jarraian Araban piztutako suteetako bat da: igandean, Trebiñun sute bat itzali zuten suhiltzaileek; astelehenean, tamaina handiko bi sute piztu ziren Mendozan eta Garaion; asteartean, berriz, Mendiolan eta Eturan izan ziren suteak; asteazkenea, sutea Durruma eta Urabain arteko lursail batean piztu zen. Horiez gain, tamaina ezberdineko suteak piztu dira Arabako zenbait puntutan, bereziki uzta bilketan murgilduta dauden zereal-lursailetan.

Larrialdi fasea

Bitartean, Eusko Jaurlaritzak baso-suteen alerta ezarri du Araban, baso-sute arriskuarekin lotutako iragarpen meteorologiko txarra aintzat hartuta. Euskadiko Baso-Suteetarako Larrialdi Planaren alerta fasea ezarri ostean, larrialdi fasea aktibatuko du biharko, ostiralerako. Horrek hainbat murrizketa eta debeku ekarriko ditu, batez ere landa inguruneari dagokionez.

Informazioa eguneratzen ari gara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide