Astelehenean, bi sute handi piztu ziren Mendozan eta Garaion; asteartean, tamaina txikiagokoak baziren ere, beste bi sute hasi ziren Mendiolan eta Eturan. Zorionez, suhiltzaileen lanak kontrolpean hartu zituzten bi suteak, eta kalteak garrantzitsuak izan badira ere (bereziki, nekazarientzat), sua ez zen basoetara iritsi, horrek dakarren arrisku handiarekin.
Araba bero-bolada batean murgilduta eta alerta laranjan dago, eta datozen egunetan tenperaturak 40 gradutara irits daitezke. Horrek baso-suteak gertatzeko arriskua nabarmen areagotu du gure lurraldean. Arrisku hori bereziki handia da egunotan uzta betean dauden zereal-lursailetan; horren harira, basozainek eta talde ekologistek eskatu dute uzta biltzea debekatzea suteen alerta dagoenean.
Iragarpen meteorologiko txar hori aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Baso-Suteetarako Larrialdi Planaren alerta fasea ezarri du Araban. Fase honek taktika eta protokolo espezifikoak aktibatzen ditu: besteak beste, egoeraren etengabeko jarraipena, garrantzitsua izan daitekeen informazio guztia jakinaraztea, suhiltzaileak eta baliabideak hurbiltzeko edo birkokatzeko mugimenduak, eta beharrezkoak izan daitezkeen prozedurak, bitartekoak eta baliabideak aztertzea. Gainera, arreta berezia eskaintzen zaio baso-suteen arriskua iragartzeko Euskalmeten sistemari.