Neurri zorrotzagoak eskatu dizkiote aldundiari, suteak saihesteko

Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 15:57
Mendozan astelehenean piztu zen sutea. Argazkia: @Garbine_Ruiz

Ekologistak Martxan taldeak eta Arabako Basozain Profesionalen Elkarteak Arabako aldundiari eskatu diote, suteak izateko arriskua dagoenean, uzta biltzeko lanak gelditzeko.

Nafarroako aurrekaria kontuan harturik eta azken egunetan herrialdean piztu diren suteak ikusirik, uzta bilketa garaian, neurri zorrotzagoak hartzeko eskatu diote ekologistek eta basozainek Arabako Diputazioari, baita uzta bilketa gelditzea ere suteak izateko alerta dagoenean.

Igandean, Trebiñun, izandako sutearen ondoren, astelehenean, Mendozako, Garaioko, Argoteko eta Kripango zenbait nekazaritza finka erre ziren, eta beste bi sute izan ziren asteartean, Mendiolan eta Eturan. Mendiolakoa izan ezik, gainerako suteak zereal soroetan piztu ziren, uzta garaian erabiltzen diren makinek eragindakoak. 
Une horiek arriskutsuak direla jakina zela nabarmendu dute ekologistek eta basozainek. Hain zuzen, Ekologistak Martxan taldeak alertekin uzta biltzea debekatzeko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Diputazioaren "aurreikuspen eskasa" salatu dute, "nekazaritza eta basogintza lanak egiteko aukera ematen duelako, baso suteak eragin ditzaketen makinekin egindakoak".

Arabako Basozain Profesionalen Elkarteak, bere aldetik, gogoratu du Gaztela eta Leonen eta Nafarroan suteen arriskua handia denean, uzta biltzeko lanak gelditzera behartuta daudela nekazariak. "Neurri zorrotzak hartuko dira edo Nafarroan bezala 14.000 hektarea erre arte itxaron behar da?", galdetu dute basozainek. "Ezin dugu Nafarroan gertatu den bezalako sute handi batera arriskatu", ohartarazi du Ekologistan Martxan-ek. Horregatik, Arabako Foru Aldundiari eskatu dio "ez dezala suarekin jolasten jarraitu", eta Nafarroako Foru Komunitatean hartzen ari diren neurri berdinak hartzea.

Izan ere, Nafarroak debekatu egin du meteoalerta horia dagoen guneetan 14:00etatik 18:00etara uzta biltzea. Meteoalerta laranja edo gorria duten lekuetan ere ez du uzten egun osoan uzta biltzen. Errioxako erkidegoak ere neurriak hartu ditu, eta makineriarekin nekazaritza eta baso lanak egitea debekatu du 35ºC-tik gorako tenperaturekin.

Arabako Foru Aldundiak suteak saihesteko gomendioak eman dizkie herrialdeko nekazariei, baina ez du debekatu makineriarekin ibiltzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide