Atzo Mendozan eta Garaion piztutako bi sute handien ostean, eta tenperatura altuengatik Araban alerta laranja ezarrita dagoelarik, tamaina handiko beste sute bat piztu da Mendiolan, Gasteizko Mendien magalean.
Antza denez, 19:00ak aldera, bikote batek suziri bat piztu du alabaren urtebetetzea ospatzeko; erle edo antzeko intsektu bat agertu da, izutu dira eta suziria jaurtitzerakoan alboko lursail batera joan da, sutea piztuz. Horren ondorioz, zereal lursail bat kiskalita geratu da eta gutxienez hiru etxebizitza hustu behar izan dituzte; une honetan, sutea inguruan dauden Gasteizko Mendien magaleko basorantz hedatzen ari da.
Gasteizko eta Arabako suhiltzaileak bertaratu dira, sutearen hedatzea gelditu eta sua itzaltzeko. Horiekin batera, Agoncilloko (Errioxa) baseko ur-helikoptero bat bertaratu da.
Udaltzaingoak diligentziak ireki dizkie gurasoei, sutea eragiteagatik. Zigor Kodearen arabera, baso-sutearen delitua egotzi ahal izango litzaieke. Ziurrenik, isun ekonomiko handi bati aurre egin beharko diote, kiskalitako eremuaren eta balio ekonomikoaren arabera; kasu honetan, zereal lursail bateko hamabi hektarea inguru kiskali dira.
Irudiak
Incendios en Etura y Mendiola, agradecer la colaboración ciudadana nuevamente en las tareas de extinción y la participación de Bomberos Araba, Bomberos Gasteiz, BRIF de Navarra, medios aéreos del MITECO, guardería forestal de Araba y Gasteiz, Bulldocer,Policía Local y Ertzaintza. pic.twitter.com/UW2IgsxoYd
— Arabako Foru Suhiltzaileak (@BomberosAraba) July 12, 2022
🔥🌳 #Mendiola-ko sutea (Araba) kontrolpean. Erabat itzaltzeko lanean ari dira pic.twitter.com/z1Voptv3hS
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) July 12, 2022
Beste sute bat Eturan
Mendiolan piztutakoaz gain, beste sute bat piztu da Eturan (Barrundia), Gebara eta Audikana herrien artean. Beste sute hau txikiagoa zen, eta suhiltzaileek kontrolpean hartu dute dagoeneko. Oraingoz, ez dago ezbehar honen arrazoien inguruko informaziorik.
Informazioa eguneratzen ari gara.