Baso-suteen alerta ezarri dute Araban

Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 12:00
Suhiltzaileak itzaltze lanetan, atzoko suteetan. / Argazkia: @BomberosAraba

Baso-sute arriskuarekin lotutako iragarpen meteorologiko txarra aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Baso-Suteetarako Larrialdi Planaren alerta fasea ezarri du Araban.

Astelehenean, bi sute handi piztu ziren Mendozan eta Garaion; asteartean, tamaina txikiagokoak baziren ere, beste bi sute hasi ziren Mendiolan eta Eturan. Zorionez, suhiltzaileen lanak kontrolpean hartu zituzten bi suteak, eta kalteak garrantzitsuak izan badira ere (bereziki, nekazarientzat), sua ez zen basoetara iritsi, horrek dakarren arrisku handiarekin.

Araba bero-bolada batean murgilduta eta alerta laranjan dago, eta datozen egunetan tenperaturak 40 gradutara irits daitezke. Horrek baso-suteak gertatzeko arriskua nabarmen areagotu du gure lurraldean. Arrisku hori bereziki handia da egunotan uzta betean dauden zereal-lursailetan; horren harira, basozainek eta talde ekologistek eskatu dute uzta biltzea debekatzea suteen alerta dagoenean.

Iragarpen meteorologiko txar hori aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Baso-Suteetarako Larrialdi Planaren alerta fasea ezarri du Araban. Fase honek taktika eta protokolo espezifikoak aktibatzen ditu: besteak beste, egoeraren etengabeko jarraipena, garrantzitsua izan daitekeen informazio guztia jakinaraztea, suhiltzaileak eta baliabideak hurbiltzeko edo birkokatzeko mugimenduak, eta beharrezkoak izan daitezkeen prozedurak, bitartekoak eta baliabideak aztertzea. Gainera, arreta berezia eskaintzen zaio baso-suteen arriskua iragartzeko Euskalmeten sistemari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide