Beste sute bat piztu da Durruma eta Urabain artean

Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 15:30

Suteek ez dute etenik Araban. Bero-boladaren eta baso-suteen alertaren erdian, beste sute bat piztu da Durruma inguruan (Donemiliaga), gaur arratsaldeko lehen orduan. Suhiltzaileek kontrolpean hartu dute dagoeneko.

15:00ak aldera piztu da sutea Durruma (Donemiliaga) eta Urabain (Asparrena) kontzejuen arteko lursail batean, Irun eta Gasteiz lotzen dituen A-1 errepidearen parean. Kasu honetan ere, uztatu gabeko zereal-lursail batean sortu da. Arratsaldeko lehen orduan ke-zutabe handi bat ikusi ahal izan da Lautadako hainbat herritatik.

Antza denez, 16:00ak aldera sutea kontrolpean hartzea lortu dute Araba zein Nafarroatik bertaratutako suhiltzaileek, eta dagoeneko itzaltzeko lanean ari dira. Nekazariek traktoreekin suebakiak egiten lagundu dute, sutea inguruko lursailetara ez zabaltzeko.

Laugarren egunez jarraian Araban piztutako suteetako bat da: igandean, Trebiñun sute bat itzali zuten suhiltzaileek; astelehenean, tamaina handiko bi sute piztu ziren Mendozan eta Garaion; asteartean, berriz, Mendiolan eta Eturan izan ziren suteak. Horiez gain, tamaina ezberdineko suteak piztu dira Arabako zenbait puntutan, bereziki uzta bilketan murgilduta dauden zereal-lursailetan.

Bitartean, Eusko Jaurlaritzak baso-suteen alerta ezarri du Araban, baso-sute arriskuarekin lotutako iragarpen meteorologiko txarra aintzat hartuta. Zehazki, Euskadiko Baso-Suteetarako Larrialdi Planaren alerta fasea ezarri du.

Irudiak

Neurri zorrotzagoak

Ekologistak Martxan taldeak eta Arabako Basozain Profesionalen Elkarteak neurri zorrotzagoak ezartzea eskatu diote Arabako Aldundiari, besteak beste, suteak izateko arriskua dagoenean uzta biltzeko lanak gelditzeko.

Bitartean, Aldundiak suteak saihesteko gomendioak eman dizkie herrialdeko nekazariei, baina ez du debekatu makineriarekin ibiltzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago