Azterketak Euskaraz

Haizeak aterpea aira ez dezan

Erredakzioa 2024ko mar. 15a, 06:00
Ipar Euskal Herriko irakasle eta ikasleen testigantzak bildu dituzte Korrikaren aurtengo dokumentalean. Argazkia: AEK

Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde urteak borrokan daramatzan mugimendua omendu du Korrikaren aurtengo dokumentalak, ikasle zein irakasleen testigantzekin.

Fisika kuantikoaren irakaskuntzari buruz Adolfo Suarez garai bateko Espainiako presidentearen hitzak datoz gogora ezinbestean Oihaletxea dokumentala ikustean. "Batzuek halakorik uste ez duten arren, filosofia euskaraz ere egin daiteke", dio ikasle batek aurtengo Korrikaren dokumentalak berreskuratutako prentsa agerraldi batean. Hego Euskal Herrian selektibitatearen parekoa den baxoa azterketa frantsesez egiteari uko egin zioten egun horretan ikasleek, euskaraz ikasitako irakasgai hori euskara garbian azalduz, atzera botako zituztela jakinda.

Aurtengo dokumentala egiteko Ipar Euskal Herrian atera dituzte kamera eta mikrofonoak, Azterketak Euskaraz lelopeko mugimenduan bildutako ikasleak eta hezkuntza alorreko beste eragileak omendu nahian. Baxoaz gain, kolegioaren amaieran pasa beharreko brebeta ere euskaraz egin ahal izateko aldarrikapena aspaldikoa da bertan.

Frantziako hezkuntza sisteman nahiko "ponposoa" den azterketa da baxoa, Bernat Etxepare lizeoko irakasle Ihintza Ostolazaren hitzetan. "Azterketaren orduan ez ikasleek ez zaindariok ezin dugu frantsesa ez den beste hizkuntzarik erabili, iruzurra egiteko bide bat izan litekeela jotzen delako". Legeari aurre egin eta lizeoan arauak euskarara itzultzen dituztela dio, hori beste eskoletan debekatuta dagoela azalduz.

Elorri Faltxa irakasleak laburbildu du zertan den egoera. "Oihaletxearen barruan, euskara da gure babeslekua, baina kanpo elementuen menpe gara. Ematen dugu denbora haizea, euria edo ekaitzaren kontra oihaletxearen makilatxoak atxikitzen, baina horrela ez dugu oihaletxea indartzeko denborarik ere. Hori da akigarriena, beti behar dugula atxiki gure oihaletxe hori, aira ez dadin".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide