KORRIKA MUNDUAN

Mundu osoan loratzen da

Erredakzioa 2024ko mar. 15a, 06:00
Korrikarekin batera, Bremengo Unisee lakuaren inguruan bildu ohi dira bertako euskaldunak. Argazkia: BREMENGO EUSKAL KULTUR ELKARTEA

Euskal Herrian ez ezik, toki askotan ospatzen dira korrika xumeagoak, gure mugetatik kanpo ekimenaren mezua zabalduz. Batzuk iritsi berriak dira ; beste batzuk benetako klasikoak bilakatu dira.

Edizioz edizio indartzen da Korrika Euskal Herrian, baina gure mugetatik kanpo ere gero eta gehiago dira data eta helburu berdinen bueltan mundu osoan antolatzen diren ekimenak.

Horietatik batzuk honezkero benetako klasikoak bihurtzen ari dira, zenbait tokitan euskaldunen diasporak gogotsu ari direlako horien antolaketan: Bruselakoa, Pariskoa, Bremengoa edo Bartzelonakoa dira horren lekuko, baina euskal metropolian bizi diren euskaldunentzat askoz exotikoagoak diruditen tokietan ere korrika ari dira euskararen alde: Mumbain, Seulen, Tokion, edo Sidneyn, batzuk aipatzearren.

'Bremen ere, euskararen alde!'

"Pasa den asteburuan gure txanda izan da, eta datorren ostegunetik aurrera, zuena", adierazi dute Bremenen (Alemania) bildutako euskaldunek. Bremengo Euskal Kultur Elkarteak antolatzen du bertan Korrika. Arrazoia argi dute: "Euskara maite dugulako, eta atzerrian ere, ahal dugun heinean erabili nahi dugulako", azpimarratu dute. "Pausuz pausu, hitzez hitz, euskara eta euskal kultura mundura zabaltzen ari gara", erantsi dute. Hiriaren izenak aukera eman die Euskal Herrian ozen entzun ohi den ohia egokitzeko: Bremen ere euskararen alde!

Igande goizean egin dute ekimena, giro ederrean. Aurrena, txikien txanda izan da, umeek ere gozatzeko aukera izan dezaten. Bigarrena, luzeagoa izan da, Unisee gisa ezagutzen den bertako laku ospetsuari bira emanez. Ondoren, piknika, euskal musika eta derbia izan dituzte: Errealaves eta Athletikuna taldeak lehiatu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide