Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du Korrikak

Erredakzioa 2024ko urt. 29a, 11:30

Ostegunean egin zuten omenaldi ekitaldia, Hondarribian. Argazkia: AEK

Omenaldiarekin batera, Lander Garroren 'Oihaletxea' dokumentala aurkeztu dute. Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak biltzen ditu ikus-entzunezkoak.

Baxoa eta brebeta euskaraz egiteko hiru hamarkada baino gehiagoko borrokan aritu eta ari diren ikasleek 23. Korrikaren gorazarrea jaso zuten joan den ostegunean, urtarrilaren 25ean, Hondarribiko Itsas Etxea Auditorioan egindako omenaldi ekitaldian. Izan ere, Azterketak Euskaraz izan da aurtengo edizioaren omendua, Ipar Euskal Herriko ikasleen egoera eta borroka ezagutzera emateko helburuarekin.

"Euskara da Azterketak Euskaraz kolektiboaren aldarria, Korrikarena bezalaxe. Ikasle horiei, beren bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan, azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen diete: ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez alegia", azaldu du Korrikaren arduradun Ane Elordik. "Hala ere, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik".

Kolektiboaren lana aitortzeko, AEKk oroigarri bana eman die Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, bai eta Bernat Etxepare lizeokoei ere: "Egiten ari zareten borroka gogorra izan da eta izaten ari da. Izan dadila oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza; AEKren partetik, gure esker ona, euskaldunon eskubideen alde lehiatzeagatik", adierazi du Elordik, txalo artean.

"Euskaraz bizitzeko eskubidea"

"XXI. mendean, Euskal Herria herri ukatua da; euskara, zangopilatua", ohartarazi du Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko lehendakari Peio Jorajauriak, ekitaldian. "Oztopo eta traba guztien gainetik, euskaren ofizialtasuna eta euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatu ditu Jorajauriak: "Harro hadi Euskal Herri, ikastolak antikonstituzionaltzat dituen legearen aitzinean. Harro hadi herri, ofizialtasuna ukatzen diguten hautetsien aitzinean. Harro herri, haurrei beren hizkuntzaz mintzatzea eta idaztea debekatu nahi dieten errektore eta agintari zapaltzaileen aitzinean".

Bere aldetik, Elorri Falxa Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako irakasleak salatu du Frantziako administrazioak "irakasle konplize nahi duela hizkuntza zapalkuntzan". Horrez gain, "borroka hau irabazteko herri oso baten sostengua" aldarrikatu du: "Brebeta euskaraz egitearen aldeko borroka irabazi genuen, baina orain Baxoaren tenorea da".

Azken hitza hartu du Maika Gueiçanburu ikasleak, eta Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean egungo ikasleak "lekukoa hartzeko prest" daudela aldarrikatu du: "Ikastoletan, berdintasun, errespetu eta elkartasun balioetan heziak izan gara. Zonbaitetan, kantuz eta dantzan egin diogu aurre inposizioari; beste batzuetan, okupazio eta desobedientzia ekintzekin; baina beti maitasunarekin, gure aitzindarien bideari jarraikiz".

'Oihaletxea' dokumentala

Bestalde, ekitaldian Azterketak Euskaraz omentzearekin batera, Lander Garrok zuzendutako Oihaletxea dokumentala aurkeztu dute. Ikus-entzunezko lanak kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen ditu, eta otsailaren 8an estreinatuko da, EITBn. Horren ostean, Euskal Herri osoan zehar aurkeztuko dute, herriz herri; eta sarean ere ikusgai izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide