45 egun eskas falta dira otsailaren 24an Irati filma zinema aretoetara iristeko. Estreinatu aurretik ere arrakasta handia lortzen ari da Paul Urkijoren bigarren film luzea: Sitgesko zinemaldian lortutako kritika on eta sarien ostean, otsailaren 11n Sevillan banatuko diren Goya Sarietarako bost izendapen lortu ditu zigilu arabarreko filmak.
Orain arteko lana aitortu eta, zergatik ez, Goya Sarietarako zorte ona opatzeko, Arabako sagardogileek Paul Urkijo eta bere taldea gonbidatu dute kupelak ireki eta aurtengo lehen txotxa egiteko. Ostegun honetan izango da, urtarrilaren 12an, 12:00etatik aurrera Askartzako Trebiñu Sagardotegian.
Horrela, Gabonen ostean eta aste honetatik aurrera, zabalik geratuko da Arabako sagardotegien denboraldia. Aurten, Arabako hiru sagardotegi nagusiek (Aramaioko Iturrieta Sagardotegiak, Askartzako Trebiñu Sagardotegiak eta Kuartango Sagardotegiak) 60.000 litro sagardo eta sagar-zuku inguru ekoitzi dituzte; iaz lortutako 95.000 litroak baino nabarmen gutxiago.
Izan ere, sagarra irailetik urrira bitartean bildu ohi da, baina aurten bilketa pixka bat aurreratu behar izan dute lehorteen ondorioz. Nolanahi ere, Bizkaiko zein Gipuzkoako sagardogileen laguntzari esker, 100.000 litro inguru eskaini ahal izango dituzte Arabako sagardotegietako mahaietan. Gainera, sagardogile arabarrek aurtengo sagarren kalitatea nabarmendu dute.
Covid-19aren pandemiak eragindako neurri murriztailerik gabeko lehena izango da aurtengoa, 2020, 2021 eta 2022ko denboraldiak erabat baldintzatuta ospatu ondoren.