'Irati' filmak Goya Sarietarako bost izendapen lortu ditu

Erredakzioa 2022ko abe. 1a, 13:00

'Irati' filmaren fotograma bat. / Argazkia: @IratiFilm

Arabako zinemak zazpi izendapen lortu ditu: Irati filma abesti, soinu-banda, jantzien diseinu, efektu berezi eta gidoi egokituen ataletan; Mikel Bustamante aktore berri onenen artean Cinco lobitos filmagatik; eta Cuerdas film labur onenaren sarirako.

2023ko otsailaren 11n, larunbatean, Sevillan ospatuko da Goya Sarien XXXVII. edizioa. Arabako zinemagintzak kandidatura andana aurkeztu zituen, eta azkenean zazpi izendapen lortu ditu, Paul Urkijoren Irati filmaren, Mikel Bustamante aktorearen eta Esti Urresolaren Cuerdas film laburraren eskutik.

Gasteiztarraren bigarren film luzeari dagokionez, Irati-k bost izendapen lortu ditu:

  • Abesti onena: Izena duena bada - Konpositoreak: Aranzazu Calleja, Maite Arroitajauregi Mursego eta Paul Urkijo Alijo.
  • Jatorrizko soinu-banda onena: Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi Mursego. Entzun hemen.
  • Jantzien diseinu onena: Nerea Torrijos.
  • Efektu berezi onena: Jon Serrano eta David Heras.
  • Gidoi egokitu onena: Paul Urkijo Alijo (Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Iratiren zikloa eleberri grafikoan libreki inspiratuta).

Irati filmak hogei kandidatura aurkeztu zituzten arren, zoritxarrez, aurreikuspen baikorrenek huts egin dute: Urkijok ez du lortu film onenaren sarirako izendapena, ezta zuzendari onenaren sarirako ere; eta Edurne Azkarate oiondarra aktore berri onenaren saria irabazteko aukerarik gabe gelditu da.

Film arabarra otsailaren 24an estreinatuko da azkenean, Goya Sarien banaketaren ostean, eta hori izan liteke izendapen askotatik kanpo gelditu izanaren arrazoi nagusietako bat. Izan ere, izendapenak bozkatzen dituzten akademikoetako askok jada estreinatutako filmak lehenetsi ohi dituzte.

 

Izendapenak eta absentziak

Bestalde, Mikel Bustamante amurrioarra aktore berri onenaren sarirako izendatu dute, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos filmean egindako lanagatik. Zuzendari bizkaitarraren lehen film luzeak, gainera, hamaika izendapen eskuratu ditu, tartean film, gidoi eta zuzendaritza berri onenaren sarietarako.

Azkenik, Esti Urresola zinemagile laudioarraren Cuerdas fikziozko film labur onenaren sarirako izendatutako lanen artean dago. Bitartean, Urresolak urratsak ematen jarraitzen du 20.000 especies de abejas bere lehen film luzea egi bihurtzeko; 2023an iritsiko da zinema aretoetara.

Zinemagintza arabarrak, beraz, ordezkaritza hirukoitza izango du aurtengo Goya Sarietan. Hala ere, izendapenetatik kanpo gelditu dira hautagaien artean zeuden batzuk: besteak beste, Beatriz de Silvaren Tula film laburra edo Karra Elejalde, Vasil filmean egindako lanagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago