Paul Urkijok Sitges konkistatu du 'Irati' filmarekin

Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 12:50

Publikoaren txalo zaparradek eta lehen kritika onek markatu dute Irati filmaren estreinaldia, Sitgesen. "Atzo negar asko egin nuen. Aizkora herdoildu baten zesarearekin erditu nuen. Baina dena ondo atera zen", adierazi du Paul Urkijo zuzendariak.

Hasiera batean estreinaldia udazkenerako iragarri zuten arren, Paul Urkijoren bigarren film luzea, Irati, otsailaren 24an iritsiko da zinema aretoetara. Lehen trailer ofiziala dagoeneko ikusgai dago EITBren webgunean, esklusiban.

Aurretik ikusteko, baina, bi hitzordu nagusi izango dira: atzo, urriaren 9an, Sitgesen, mundu mailako estreinaldia egin zuten, Kataluniako Nazioarteko Fantasiazko Zinemaldiaren 55. edizioaren sail ofizialaren barruan; urriaren 28an, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea irekiko du, eta orduan lehen aldiz ikusi ahal izango da Euskal Herrian.

Sitgeseko zinemaldian proiektua aurkeztera joan zen ekipoaren zati bat: besteak beste, Paul Urkijo zuzendaria bera, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate protagonistak, eta Itziar Ituño aktorea. Igandean eta astelehenean egingo diren hiru proiekzioez gain, igande goizean filmaren aurkezpen prentsaurrekoa eskaini zuten.

Prentsaurrekoa eta mundu mailako premiere-a publikoaren txalo zaparrada batekin amaitu ziren. Gainera, orain arte argitaratutako lehen kritikak oso onak izaten ari dira, Errementari filmean egindakoa beste maila batera eraman izana aitortuz Urkijori. IMDb plataforman 7,8ko nota lortu du filmak, momentuz hamar botorekin; FilmAffinity plataforman, berriz, oraingoz 85 boto baino ez dituen arren, 7,0 da filmaren batez besteko nota.

"Atzo negar asko egin nuen. Aizkora herdoildu baten zesarearekin erditu nuen. Baina dena ondo atera zen. Etxean daukadan aldarea erakusten dizuet, bost urtez egunero otoi egin eta eskertu diodana. Eskerrik asko ama lurra. Dama, ama, Gehien Mari. Hilezkor", idatzi du Urkijok, bere Instagramean.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Paul Urkijo Alijo (@paulurkijoalijo)

 

Lehen kritikak

  • Miguel Angel Romero (Cinemanía): Munstro, gudu eta erromantze handi baten errezitaldia. (...) Jainko paganoen ipuinen artean, Sagardoyk maila ematen du Iruñeko errege gisa (...) Edurne Azkarate ia hasiberria Iratiren paperean, bertako zinemaren promesa handienetako bat izateko bidean (...) Biak Itziar Ituñok oso ondo lagunduta (...) 'Irati' filmak zinema egiteko modu berri baten oinarriak finkatzen ditu, non bertako ekoizpenek Hollywoodeko ikus-entzunezkoen faktura emulatzen duten.
  • Cine de Patio: Paul Urkijoren bigarren film luzea, Errementari bi aldiz ederraren ondoren, euskal errealizadorea gure zinemako perletako bat dela baieztatzen du. Erdi Aroan erlijioen eta tradizioen arteko liskarra kontatzen duen elezahar epiko eta magikoa pantaila handira egokitzeko gai da, baliabide justu baina oso ondo aprobetxatutakoekin. Eta bere bereizgarri den estilo distiratsuarekin egiten du, bisualki liluragarria baina pasatu gabe. Indartsu hasten den istorio bat kontatzeko behar den indar narratiboa du, eta, hala ere, intentsitatea pixkanaka handitzen du, erritmoak inoiz behera egin gabe. Gustuko dugun zinema fantastikoa, eta gustu ona duen orori gustatuko zaiona.
  • Josemi Beltran (@cineffo), Donostia Kulturako Zinemaren eta Beldurrezko Astearen arduraduna: Orain arte ez da mitologia, historia eta abenturazko filmik egin hemendik, halako bihotzarekin. Bere xehetasun guztietan gozatzeko harribitxia. Zorionak Paul Urkijo eta taldea!
  • Marta Salicru (@salicrunette), musika kazetaria: Gaur egungo ezpata eta sorginkeria olatuan harrapatuta dagoenak ez luke Paul Urkijoren 'Irati' galdu behar. Jainko zaharren eta berrien, paganismoaren eta kristautasunaren, matriarkatuaren eta patriarkatuaren arteko gatazkaren kontakizun mitologiko ederra, Erdi Aroko Pirinioetan.
  • Fausto Fernandez (@faustianovich): 'Irati' filmarekin, Paul Urkijok bere burua baieztatu du fantasiaz beteriko ipuin kontalari bikain gisa (Ekialdeko Europako eskola hura) eta izaera klasikoko narratzaile epiko gisa.
  • Alex Oliveres (@alexoliveres): Hitz bakar batekin defini daiteke Irati: Pelikuloia. Irudietan islatutako magia eta fantasia hutsa da. Ezinezkoa da bere sorginkeriaren aurrean amore ez ematea. Zoragarria, besterik gabe.
  • Celuloide De Trapo (@celuloidedtrapo): Euskal ipuin berri bat, Paul Urkijoren grinak bezala gatibatzen gaituena. Ingurune ikusgarriak, arimadun interpretazioak eta prentsaurrekoan inoiz ikusi ez den gorazarre baten irabazleak.
  • ¡Ahora critico yo! (@Ahoracriticoyo): Zoragarria Paul Urkijoren 'Irati', ezpata eta sorginkeria Erdi Aroko Euskal Pirinioetan. Ederrak Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy, 'Conan El Bárbaro' filmaren remake baterako dagoena.
  • Dragon Negro (@MasAllade_Orion): Paul Urkijok 'Irati' filmean egin duena ez da normala. A zer nolako filma, sari potoloa irabazteko faborito bihurtu da jada!

Urkijoren bigarren film luzea

Paul Urkijok 2018an estreinatu zuen Errementari, bere lehen film luzea. Azken lau urteetako lanaren eta postprodukzio fasea burutu ostean, Irati labetik kanpo dago jada, Sitgeseko Zinemaldian argia ikusteko prest.

Jon Muñoz Otaegi eta Juan Luis Landaren Iratiren zikloa eleberri grafikoan libreki inspiratuta eta VIII. mendeko aro historiko ilunean girotuta —Orreagako Batailaren garaian—, Irati filmak zinema historikoa eta fantastikoa uztartzen ditu, euskal mitologiaren eragin nabarmenarekin.

Aktoreen artean, Euskal Herriko zinemagintzaren aurpegi ezagun ugari daude: besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate, Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre edo Kepa Errasti.

Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Huescako hainbat lekutan filmatu dute, 4,3 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, 2021eko azarora arte; horien artean, Loarreko Gaztelua eta Arrikrutz, La Leze edo Pozalagua haitzuloak bezalako kokapen historiko enblematikoetan.

Zer istorio kontatuko du Iratik?

Kristautasuna Europan zehar hedatzen ari da, sinesmen paganoak desagertzen diren bitartean. Karlomagnoren armadak Pirinioak zeharkatuz egindako erasoaren aurrean, haraneko liderrak laguntza eskatzen die jainkoei. Odol itun baten bidez, etsaia garaitzen du bere bizia ordainetan emanez. Baina, lehenago, bere seme Enekori agintzen dio bere herria babestu eta gidatzea aro berrian.

Bere aitak eta aitonak bezala, bailarako liderra izateko bere balioa erakutsi beharko du Enekok, protagonista dugun gazte nobleak. Horretarako, kondaira mitologiko zaharrez beteriko mundu bitxi eta misteriotsu batean murgilduko da, Irati izeneko neska pagano baten laguntzarekin. Bi gazteak baso bitxi eta deseroso batean sartuko dira; bertan, izena duen guztia existitzen da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago