Ekainaren 19an, Arabako ikastolek Argantzongo Ikastolaren alde egingo dute Olarizun, Araba Euskaraz ospakizunean. Ordurako hilabete inguru falta den honetan, larunbatean, maiatzaren 14an, Lo(r)tuko dugu! ekimena egingo du Argantzongo Ikastolak, hilabete barru ospatuko den jaialdia berotzen joateko.
Ekimenaren helburua Araba eta Trebiñu lotzea izango da; zehazki, ikastetxearen bi eraikinak, "Argantzon Ikastolak bihotz bakarra eta bi hanka" dituelako. Izan ere, 2019tik, ikastola bi herritan banaturik dago: Argantzonen eta, handik bost kilometrora, Sagastieta herrian. Bigarrena, geografikoki Araba ofizialean; Argantzon, oraingoz, ez.
Martxa Sagastietatik Argantzonera egingo dute, 11:00etatik 13:00etara, ibilbide guztian zehar jostorratz erraldoi bat lekuko gisa eramanda, "bi eraikinak josteko" asmoz. Lekukoa erreleboka aldatuz joango dira, Sagastietatik hasi eta Argantzonera heldu arte:
- Lehen Hezkuntzako haurrak eta gurasoak: Sagastietako eraikinetik Stop-era.
- Irakasleak: Stop-etik Leziñanara.
- Guraso eta ikasle ohiak: Leziñanatik A puntura.
- Arabako ikastolak: A puntutik B puntura.
- Herria (alkatea, herritarrak...): B puntutik Ponderosara.
- Porrotx eta Bonberenea Txaranga: Ponderosatik zubira.
- Haur Hezkuntzako haurrak eta gurasoak: zubitik Ikastolara.
Talde bakoitzak egokitu zaion lekutik bukaeraraino egingo du ibilbidea, eta, horrela, gero eta jende gehiago bilduz joango da. Ikastolara heltzean, Porrotx eta Bonberenea Txarangarekin dantza pixka bat egin ondoren, ekimenari amaiera emango diote, mezu bat plazaratuz.
Martxarekin batera, hainbat jarduera izango dira egitaraua osatzeko: 12:00etatik aurrera, artisau azoka egingo dute Argantzonen; 14:30etik 16:30era, musikaz girotutako bazkari herrikoia, piknik formatuan; azkenik, 17:00etatik aurrera, euskal dantzen topaketa eta dantza plaza egingo dituzte.
"Trebiñu ez da Araba"
"Ikastola txikiak bereziak dira. Gure ikastola txikiak 2003ko urrian ireki zituen ateak. Trebiñun lehenengo aldiz euskaraz ikasteko aukera zabaldu genuen, eta hamaika familiak egin zuten proiektuaren aldeko apustua", azpimarratu dute Ikastolako kideek. "Urtez urte, handituz joan gara, Haur Hezkuntza osoa osatu arte, txikitasunaren abantailak baloratzen ikasiz. Bideak asmatuz, trabak aurkitu bakoitzean. Eta, pixkanaka, aurrera joan gara, beti ere Trebiñu euskalduntzea jomuga izanik".
"Trebiñu Araba dela erraz esan daitekeen zerbait da", deitoratu dute. "Baina hemezortzi urte hauetan pairatu dugu Trebiñu, ofizialki, oraindik Araba ez izatearen ondorioa. Askotan, laguntzak, zerbitzuak, baliabideak jasotzeko orduan... Trebiñu ez da Araba".
Ikasturte honetan, guztira 66 ikasle ditu ikastetxeak, eta "oso ikasturte berezia" dela azpimarratu dute. Izan ere, 6. mailako lehen promozioa ikastolatik aterako da, eta, horrela, Lehen Hezkuntzako etapa ixtea lortuko dute lehen aldiz. "Trebiñun Ikastola egoteak euskara ikusgarri egiten du, Euskararen Herrian kokatzen gaitu. Bihar, etzi eta etorkizunean ere, bakoitza dagoen lekutik, euskarak presentzia izaten jarrai dezan borrokatzen jarraitu behar dugu", azpimarratu dute.