Araba Euskaraz: Argantzon Ikastolari beste bultzada bat emateko jaia

Erredakzioa 2022ko eka. 10a, 13:30

Araba Euskaraz jaialdiaren egitarauaren aurkezpena, Olarizun. / Argazkia: ARABA EUSKARAZ

Argantzon Ikastolaren eraikin berri bat egitea izango da aurtengo Araba Euskaraz jaialdiaren helburua. Ekainaren 19an, 10:00etatik 19:00etara, dozenaka ekitaldi izango dira Olarizu parkean, eta dagoeneko aurkeztu dute egitaraua.

Hamar egun barru, ekainaren 19an, igandean, gure lurraldeko ikastolen aldeko Araba Euskaraz jaialdiaren 42. edizioa ospatuko da Olarizun, duela lau hamarkada lehen edizioa egin zuten leku berean eta pandemiaren ostean indarberrituta. Zortzi ikastola arabarrek antolatu dute jaialdia, Argantzon ikastolaren alde, eta urte osoan zehar ere hamaika jarduera egin dituzte.

Urte osoan egindakoa borobiltzeko, Gasteizko Eraztun Berdeko 120 hektareako eremuan egun ederra pasatzeko aukera paregabea izango dute bertaratzen diren herritar guztiek. Horretarako, antolatzaileek dozenaka ikuskizun, ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte 10:00etatik 19:00etara bitartean.

Omenaldiak

Jai eguna hasierako ekitaldiarekin eta omenaldiarekin abiatuko da, Olarizuko Etxaldean. Bertan, ikastolen auzolana eta elkarlana nabarmenduko dute, eta ikastola bakoitzeko komunitatetik lan aipagarria egin duen pertsona bana omenduko dute; horiekin batera, gaur egun erretreta hartuta duen Anjel Olalde ere omenduko dute, hainbat urtetan Araba Euskaraz antolatzeko koordinazio lanetan egindako ekarpenagatik.

Gainera, Arabako ALEA aldizkariari ere omenaldia egingo diote ekitaldian, "Araban euskararen alde auzolanean dabilen eta Araba Euskarazekin ere askotan eskuz esku ibiltzeagatik".

Bederatzi ordu eta hiru gune

Ekitaldiaren ostean, jardueraz beteriko hiru gune jarriko dira Olarizu parkean, eta 11:00etatik 19:00ak arte askotariko ikuskizunak izango dira:

  • Haritza gunea. Arte eszenikoak Armentia ikastolaren eskutik: Ene Kantak ikuskizuna, Perli eta Koxkoloren Bidaia liluragarria, Zunba, Zortzi alaba kantari abestiaren koreografia eta Goazen!-en emanaldia. Gune horretan, Eroskiren elikadura eskola, Euskaltelen txirrindularitza pista eta puzgarriak ere egongo dira.
  • Pagoa gunea. Euskal Dantzen Topaketa: Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, ALEAren Patata minak antzezlana eta Kai Nakairen emanaldia. Goizean, DBH eta LHko ikasleentzako Erronka eta Haurren Basoa ere bertan izango dira, eta egun osoan zehar tonbola, Araba Euskaraz denda eta Puntu Morea bertan kokatuta egongo dira; gainera, paella eskainiko da bertan.
  • Ametza gunea. Bertso saioa eta kontzertuak: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi. Elikagaien taupadak ikuskizunaren bost emanaldi ere izango dira Kaiku agertokian, eta Eusko Label gunea ere bertan kokatuko da, atun pintxoekin.

Horrez gain, Aldats elektro-txaranga, Gasteiz Kantuz eta Kidam magoa gunez gune ibiliko dira, eta Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketaren finala Araba Euskarazen baitan jokatuko da, 10:30ean Adurtzako pilotalekuan.

"Txikiena eta bereziena"

Arabako zortzi ikastolen artean txikiena da honekin laugarren Araba Euskaraz antolatuko duen Argantzon Ikastola. 2003ko urriaren 27an sortu zen, eta bi hamarkada hauetan "gogoz, ilusioz eta lan handia eginez" ari da Trebiñu euskalduntzen. Ordura arte etxean edo Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako hamaika familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa.

Ondoren, urtez urte, handituz joan da ikastola, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikasle izatera iritsi ziren. Pixkanaka, Lehen Hezkuntza ere eskaintzera jauzi egin zuten 2016an; 2019an Sagastietara eraman zuten LH, alokairuan hartutako eraikin batean, hanka bat Trebiñun eta bestea Manzanosen (Erriberabeitia udalerrian, Araba ofizialean). Egun, guztira 68 ikasle dira Argantzon Ikastolan, eta oso ikasturte berezia da aurtengoa, 6. mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako direlako, Lehen Hezkuntzako etapa osoa gaindituz.

"Txikiena eta bereziena ere bada. Euskara ofiziala ez den eremuan, Arabaren bihotzean baina Araba ofizialetik kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, Trebiñuko familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko", aldarrikatu dute Araba Euskarazen antolatzaileek.

Hain zuzen ere, ikastolak Manzanosen duen eraikina egiteko erabiliko da aurtengo Araba Euskaraz jaialdian ateratzen den etekina.

EGITARAUA ETA MAPA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago