Aurten 40 urte beteko dira lehen Araba Euskaraz Olarizun ospatu zenetik, eta datorren urteko jaia jaioterrira itzuliko da. Oraingoan, Ikastolen Elkartean bildutako Arabako zortzi ikastolek indarrak batuko dituzte Argantzon ikastolaren alde. Olarizun egingo da euskararen festa, 2022ko ekainaren 19an, igandean.
Edizio honetarako, 1981. urteko aurreneko ospakizunari begira Nestor Basterretxeak egin zituen leloa eta logotipoa berreskuratu dituzte antolatzaileek, eta, markak berrindartzeko erabili ohi den restyling bat eginez, itxura berria eman diote. Bertan ageri diren hostoak "aniztasunaren" ispilu dira, bai ikastoletan bai eta naturan ere.
Araba, zazpi talde, bat euskararen alde izan zen garaiko leloa, zazpi kuadrilla ofizialak aintzat hartuta. Zortzigarren alaba izango da aurtengo leloa, zortzi ikastolei eta zortzi kuadrillei erreferentzia eginez.
Gaur egin dute datorren urteko edizioaren aurkezpena Gasteizen. Aurreratu dutenez, Laudioko azken edizioan landutako ereduan sakonduko dute. Hala, "haurrei eta familiei bideratutako" jaieguna izango da, osasun eta segurtasun neurriak bermatuko dituzte, eta adin "guztietarako kultur ekimen askotarikoak" eskainiko dituzte Olarizuko larreetan.