Otsailean, Trebiñuko bi udalek Araban integrazioa eskatzeko abenduaren 15ean onartutako akordio bateratua bertan behera uzteko exijitu zion Gaztela eta Leongo Juntak Argantzongo Udalari, autonomia erkidegoaren interesetan "eragin negatiboa" zuela eta Udalak "ordenamendu juridikoa hautsi" eta "bere eskumena gainditzen" zuela argudiatuta.
Osoko bilkurak errekerimenduari uko egin zion otsailaren 18an. Akordioak integrazioa bultzatzeko hainbat ekimen jarri zituen martxan: besteak beste, integrazioa lortzeko lan-mahai bat sortzea, komunikazio kanpaina bat abiatzea eta herritarren inplikazioa bultzatzea.
Ostiral honetan Argantzongo Udalak jakinarazi du Gaztela eta Leongo Juntak atzera egin duela akordioa baliogabetzeko ahaleginean. Pablo Ortiz de Latierro alkateak Gaztela eta Leongo Juntaren erabakia txalotu du, Lehendakaritzaren Sailaren idazkia jaso bezain pronto. Izan ere, Udalbatzaren erabakia bertan behera uzteko errekerimendu-espedientea ebatzi eta amaitutzat eman du erakundeak.
"Berriro diogu Trebiñu eta Argantzongo herritarrek eskubidea dugula Trebiñu Araban integratzeko behar diren bide guztiak ireki eta aztertzeko, eta Gaztela eta Leongo Juntari gogorarazten diogu zentzurik gabeko egoera hori enklabeko herritarrei hitza ematen zaienean soilik konponduko dela, euren etorkizuna askatasunez erabaki dezaten", azpimarratu du Ortiz de Latierrok.
Argantzongo Udalak berretsi egin du Arabako Lurralde Historikoan enklabearen integrazioa bultzatzeko asmoa, "integrazioaren eskaeraren zilegitasun politikoa ez ezik, udalek onartutako ekimenaren enkaje juridikoan ere sinetsita". Alkatearen ustez, "azkenik, Gaztela eta Leongo Juntak ekimenaren zilegitasuna onartu du".