Gaztela eta Leonek Araban integrazioa eskatzea debekatu die Trebiñuko udalei

Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 12:15

Gaztela eta Leongo Juntaren errekerimendu bat jaso du Argantzongo Udalak. / ALEA

Trebiñuko bi udalek Araban integrazioa eskatzeko abenduan onartutako akordio bateratua bertan behera uzteko exijitu dio Gaztela eta Leongo Juntak Argantzongo Udalari. Osoko bilkurak errekerimenduari uko egingo dio ostiral honetan.

Argantzongo Udalak jakitera eman duenez, Gaztela eta Leongo Juntak errekerimendu bat bidali dio —urtarrilaren 17ko datarekin—, hilabeteko epean Trebiñu Araban integratzeko prozesua biziberritzeko ekimena bertan behera uzteko exijituz; Trebiñuko Konderriko Udalak ere datozen egunetan jasotzea espero du.

Joan den abenduaren 15ean enklabeko bi udaletan onartutako akordioak integrazioa bultzatzeko hainbat ekimen jarri zituen martxan: besteak beste, integrazioa lortzeko lan-mahai bat sortzea, komunikazio kanpaina bat abiatzea eta herritarren inplikazioa bultzatzea.

Gaztela eta Leongo gobernu autonomikoaren ustez, akordioak "eragin negatiboa" du autonomia erkidegoaren interesetan. Gainera, argudiatzen du Argantzongo Udalak "ordenamendu juridikoa hautsi" eta "bere eskumena gainditu" duela.

Ostiral honetan, Argantzongo Udalaren osoko bilkurak errekerimenduari uko egin eta agindua desobeditzeko erabakia hartuko du. Udalak, gainera, berretsi egin du enklabea Arabako Lurralde Historikoan sartzeko asmoa, eta gogorarazi du Gaztela eta Leongo Estatutuak berak arautzen duela egiteko prozedura.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago