Trebiñuk Araban integratzeko urrats berri garrantzitsua egin du gaur. Asteazken goizean, Trebiñuko Konderriko eta Argantzongo udalek beren lurraldea inguratzen duen probintzian integratzeko aldarria berpiztu dute; aldarrikapen hori duela hamarkada batzuk sortu zen, eta bi herrietako alkateek, Enrike Barbadillok eta Pablo Ortiz de Latierrok, ofizialki berraktibatzea erabaki dute.
Bi udalek osoko bilkura bana egin dituzte —11:00etan eta 12:00etan, hurrenez hurren—, eta ekimen instituzional komun bat onartu dute, enklabea Araban eta EAEn integratzea lortzeko azken helburuarekin:
- Trebiñuren kasuan, aldeko bost boto (%83,3) eman dituzte EAJk (2), AEICT talde independenteak (2) eta EH Bilduk (1); kontrako boto bat eman du PPk; azkenik, hiru abstentzio eman dira: CDC - Ciudadanos del Condado de Treviño (2) eta CPT - Condado para Todos (1).
- Argantzonen, berriz, aho batez (%100) onartu dute adierazpena: aldeko sei boto eman dituzte EH Bilduk (3) eta EAJk (3); PPko zinegotzia ez da osoko bilkuran izan.
Hiru urrats komun
Norabide horretan, bi udalek integrazio prozesu historikoa biziberritzeko beharra azpimarratu dute, "dagoeneko luzea den martxa honetan". Lehen urratsa ekimen instituzionala bera izan da, "enklabearen integrazioaren aldeko aldarte eta iritzi publikoaren azeleragailu edo dinamizatzaile" gisa: "Berriro zutik jarriko da, zalantzarik gabe, enklabeko herritarren bultzada", adierazi dute.
Horren ostean, aurrera begirako hiru urrats komun adostu dituzte bi udalek:
- Araban integratzearen aldeko komunikazio kanpaina bateratua abian jartzea.
- Lan-mahai bateratu bat sortzea, "Trebiñu Arabako Lurralde Historikoan integratzeko etapa berri baten sozializazioa pixkanaka garatzeko eta enklabeko tokiko erakunde zein eragileekin etengabeko elkarrizketan aritzeko".
- Herritarrei dei egitea die ekimenaren sustapenean lagundu eta antolatzeko,"Trebiñuko enklabea Araban integratzeko helburuan herritarren funtsezko eta ezinbesteko motorra izan daitezen".
Jarraitutasun geografikoaren printzipioa
Onartutako adierazpen bateratuan, "arrazionaltasun irizpideak" argudiatu dituzte bi udalek integrazioaren beharra defendatzeko: "Biztanleen bizi kalitatearen eta baliabide publikoen aprobetxamenduaren mesedetan, jarraitutasun geografikoaren printzipioan oinarrituta. Printzipio hori hausteak kalteak eta arazoak dakarzkie enklabeko herritarrei, jarraitutasunik ez duen lurralde batean bizitzeak zailtasun handiak dakartzalako zerbitzuak emateko".