Trebiñuko euskara plana epaitegietan geldiarazi nahi du Gaztela eta Leonek

Mikel Buruaga 2021ko mar. 17a, 20:00

Irudia: Arabako ALEA

Trebiñuko bi udalek euskara sustatzeko lau urterako plan estrategikoa onartu zuten 2020ko amaieran. Orain, Trebiñu administrazioarekiko auzien auzitegira eraman du Gaztela eta Leongo Juntak, eta Argantzon horrekin mehatxatu du.

Trebiñu eta Argantzongo udalek euskara sustatzeko plan estrategikoa onartu zuten azaroan eta abenduan, hurrenez hurren. Euskara Sustatzeko Trebiñuko Barrendegiko Plan Estrategikoa (2020-2024) Trebiñuko Euskara Zerbitzuak garatu du, eta bere helburua da enklabe osorako lau urterako bide-orri bat zehaztea, neurri zehatzak hartuz euskaldunen sareak aktibatzeko, biztanleak euskalduntzeko eta eskualdean euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko.

Baina Gaztela eta Leongo Juntak ez du onartu Trebiñun hizkuntza normalizazioa gidatzeko abiatutako prozesu sakona, eta, ALEAk jakin duenez, neurri judizialak hartu ditu. Trebiñuko Konderriaren kasuan, administrazioarekiko auzien auzitegian inpugnatu du Udalaren erabakia; Argantzonen, berriz, osoko bilkuraren erabakia bertan behera uzteko eskatu dio alkateari, egiten ez badu bide judizialera jotzeko aukerarekin mehatxatuz.

Trebiñu epaitegietara eta Argantzon mehatxupean

Gaztela eta Leongo Juntako Lehendakaritza Sailak (PP) martxoaren 9an onartutako ebazpenen berri eman die Trebiñuko alkate Enrique Barbadillori (EAJ) eta Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrori (EH Bildu).

Trebiñuko Konderriko Udalaren osoko bilkurak azaroaren 20an onartutako bosgarren puntua (Euskara Plana) administrazioarekiko auzien auzitegian aurkaratuko du Gaztela eta Leongo Juntak. Arrazoibide juridiko oso antzekoak argudiatuz, Plana onartzeko osoko bilkuraren erabakia bertan behera uzteko eskatu diote Argantzongo alkateari; hori bai, eskatutakoa hilabeteko epean betetzen ez badu, bide judizialera jotzeko aukera zabalik uzten du ebazpenak.

"Ordenamendu juridikoaren urraketa"

Jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Gaztela eta Leongo Juntak ondorioztatu du Euskara Planak "ordenamendu juridikoa urratu" duela, eta hainbat arrazoibide juridiko aipatu ditu hori justifikatzeko.

Lehenengo arrazoibidea honakoa da: Gaztela eta Leongo lurraldean aitortutako hizkuntza bakarrak gaztelania, leonesa eta galiziera dira; euskara ez da horietako bat. Gainera, Auzitegi Konstituzionalaren 2018ko epai bat aipatzen du: "Hizkuntza bat ofiziala da botere publikoek onartzen dutenean, bere errealitatea eta fenomeno sozial gisa duen pisua alde batera utzita".

Gaztela eta Leonek Trebiñuko alkateei helarazitako ebazpenaren pasarte bat.

 

Bestalde, Gaztela eta Leongo Juntaren ustez, "egokia da aztertzea udalbatzaren akordioak Trebiñuko Udalari legeek ematen dizkioten eskumen-mugak errespetatzen dituen ala ez aztertzea". Zentzu horretan, ebazpenaren hirugarren puntuan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 2018ko epaia aipatzen du berriro: Juntaren interpretazioaren arabera, "euskara Gaztela eta Leonen hizkuntza ofiziala ez dela kontuan hartuta, Trebiñuko Udalak ezin du euskara normalizatzeko erabakirik hartu".

Horrekin batera, Espainiako Auzitegi Gorenaren 2009ko epai bat erabiltzen du honako hau argudiatzeko: "Euskararen erabilera sustatzea eta garatzea ez da udalerrien eskumena (...) euskararen erabilera garatzea Autonomia Erkidegoaren eskumena da".

Gaztela eta Leonek Trebiñuko alkateei helarazitako ebazpenaren pasarte bat.

 

Gatazka administratiboa

Epaitegietan amaitu daitekeen 2020-2024 aldirako Plan Estrategikoa Trebiñuko Barrendegi osoan garatzeko diseinatuta dago, eta bost ardatzez osatuta dago: gizarte-erabilera, hiztun berriak, kudeaketa eredua, hezkuntza eta administrazioa.

Azken bi arlo horietan daude talka administratibo nagusiak: alde batetik, Trebiñuko irakaskuntza publikoa Argantzongo ikastola ez bezala— Gaztela eta Leongo hezkuntza sistemaren barruan dago, eta Planaren helburua da "hezkuntzan aurrerapausoak" ematea. Bestetik, Gaztela eta Leongo araudiaren arabera, euskara ez da aintzat hartzen administrazioan, ez baita hizkuntza ofiziala; beraz, Planak "administrazioan eragiteko" neurri sorta bat proposatzen du.

Hain zuzen ere, horretara jo du ebazpenak: "Aipatutako ardatzetako bakoitzean, Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten dieten hainbat faktore sartzen dira: besteak beste, hezkuntza, kultura, Eusko Jaurlaritzak diruz lagun ditzakeen ildoetarako sarbidea...", dio gobernu autonomikoak.

Burgosko Aldundiak Juntari bidalitako txostenaren arabera, "hutsera jauzi juridikoa" eta "Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuan lege babesik ez duen plangintza estrategikoa" da Euskara Plana. Hezkuntza Sailaren ebazpena antzeko ildotik doa: "Hizkuntza hori Gaztela eta Leongo ikastetxeetan emateko aukerak ez du legezko oinarririk; beste instantzia batzuek egokitzat jotzen dituzten legezko egokitzapenak egiten ez badituzte".

Gaztela eta Leonek Trebiñuko alkateei helarazitako ebazpenaren pasarte bat.

 

Trebiñuko barrendegia, jomugan

Ebazpenak ezagutu bezain pronto, Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrorekin hitz egin du ALEAk. Bere ustez, azken hilabeteetan Covid-19aren aurkako neurrien inguruan sortutako tirabira administratiboek argi utzi dutenez, "Trebiñuko barrendegia Gaztela eta Leongo Juntaren jomugan dago".

Trebiñuko Konderrian ez bezala, Argantzongo osoko bilkuraren erabakia oraindik ez dute auzitegietara eraman, eta, oraingoz, Udala egoera aztertzen ari da. "Arraroa da. Trebiñuko Udalari gauza bat esan diote, eta guri beste bat; eta gainerako edukia kopia-pega bat da", kritikatu du Ortiz de Latierrok.

Hala ere, azpimarratu du Euskara Plana "bakarra" dela barrendegi osorako, eta Trebiñuko bi udalerriek "bide berdina" jorratu beharko dute, Juntak hartutako erabakiak ezberdinak izan arren: "Dena aztertu eta erabaki behar dugu oraindik, baina Trebiñu epaitegietara baldin badoa, gu ere joan beharko gara", ohartarazi du Argantzongo alkateak.

Planaren etorkizuna

Argantzongo alkateak argi dauka Euskara Planak "berebiziko garrantzia" duela barrendegiaren hizkuntza normalizaziorako: "Arabako kuadrilla guztietan dago euskara plan bat, eta Trebiñu Arabaren parte da. Bi hizkuntza ditugu: gaztelania eta euskara. Eta biak babestu behar ditugu", adierazi du Ortiz de Latierrok.

Gogora ekarri duenez, ez da lehenengo aldia euskararekin lotutako erabaki batek Juntaren antzeko erantzuna eragiten duela: "2019ko Euskararen Egunaren harira, mozioak onartu genituen bi udaletan; Trebiñuri ez zioten ezer esan, eta Argantzoni atzera botatzeko eskatu zioten".

Duela urte batzuk, kaleen izenak bi hizkuntzetan jartzeko mozioak onartu ziren Trebiñu eta Argantzongo udaletan, eta Juntak errekurritu zituen. 2015ean, auzia Auzitegi Gorenera iritsi zen, eta arrazoia eman zien udalei: "Juntaren oraingo ebazpenean ez da epai hori aipatzen; beste batzuk, ordea, bai".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago