Trebiñuko Konderriko eta Argantzongo udalek Euskara Sustatzeko Trebiñuko Barrendegiko lau urterako plan estrategikoa onartu dute. Helburua Trebiñuko hiztunen sareak aktibatzea, biztanleen euskalduntzea eta lurraldean euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko neurrien bide-orri bat zehaztea da.
Plan Estrategikoa udalen hizkuntza normalizazio prozesua gidatzeko sortu da eta erabiltzaile nagusiak Trebiñuko bi udalak izango dira, haien eginkizunetarako planifikazioa biltzen baitu. Baina Udalekin batera, Trebiñuko euskalgintzan edo euskaran eragiten duten eragile guztiak biltzea du helburu, haientzat ere bide orria izan dadin.
Lurraldetasunari dagokionez, plana Trebiñu eta Argantzongo udalerrietan, hau da, Trebiñuko Barrendegi osoan garatuko da. "Sarritan, Barrendegi osorako ekintzekin edo programekin eragitea zaila izaten da dispertsio geografikoa eta lurraldearen zabaltasuna dela eta. Hala ere, eremu batzuetatik besteetarako aldeak egon badauden arren, norabide bera markatu daiteke Barrendegi osorako. Era berean, Trebiñu herria eta Argantzon izango dira ekintzen garapenerako nukleo nagusiak, baina Barrendegi osoan garatzeko ekintzak diseinatuko dira".
Bost ardatz
Bost ardatzez osatua dago Trebiñuko Barrendegirako 2020-2024 aldirako Plan Estrategikoa. Gainontzeko euskal lurraldeen planifikazio estrategikoetan zutabe izan ohi diren Gizarte-erabilera, Hiztun Berriak eta Kudeaketa Eredua ditu batetik eta Trebiñuren egungo egoera administratiboaren ondorioz, planera ekarri dituzte Hezkuntza eta Administrazioaren arloa bestetik. Azken bi arlo hauen kasuan, hezkuntzan Gaztela eta Leongo gobernuaren hezkuntza sistemaren barnean dago Trebiñuko irakaskuntza publikoaren arloa eta administrazioan ere Gaztela eta Leongo araudiari jarraiki, euskara ez da administrazioaren barnean aintzat hartzen. "Gauzak horrela, bi arlo hauetan, euskararen sustapenerako har daitezkeen neurriak Trebiñuko bi Udalen borondatearen menpe egonik, Plan Estrategiko honetan eragin gune gisa bildu dira".
Ez ofiziala
Bestalde, euskara hizkuntza ofiziala ez izateak "planaren izaera erabat baldintzatu eta bereizten duen oinarria" da, eta horri erreparatu diote, maiz euskararen sustapen politikak euskara ofiziala den lurraldeetan gauzatzen diren politiken erritmo eta bide berean zehazten direlako. "Mendialdean edo Arabako Errioxan euskara ofiziala izanik eta lege estatus ezberdina izanik garatzen dituzten hizkuntza politikarako neurrien antzeko bidea jarraitzen da Trebiñun. Trebiñuko helburu eta ekintzak Arabar lurraldearekin koordinazioan osatzen dira eta Arabako korronteek eraginak daude. Baina jakina denez, korronte horiek euskara ofiziala ez den lurraldera ekartzea zail izaten da sarritan eta horrek Trebiñu *izartxodun lurralde “gehigarri” izatea eragin ohi du. Hortaz, plan honek egoera berezi hori une oro izango du gogoan, berezitasunaren oroigarria, alegia".