Trebiñuko Konderriko eta Argantzongo udalek gogoratu duten moduan, alarma-dekretuarekin erabaki zen enklabeak Arabako tratu bera jasoko zuela, herritarrei osasun-arreta bermatzeko asmoz. Azken asteetan, gainera, erabaki horri eusteko are arrazoi gehiago dagoela nabarmendu dute udalek: "Trebiñuko Konderrian kutsadura tasa handitu eta osasun-egoera larriagotu egin denetik, agerian geratu da inguratzen gaituen lurraldeari are gehiago lotu behar garela". Ildo horretan, "estrategia bakarra eta eraginkorra" galdegin dute udalek, "koronabirusaren hedapenaren aurka gure herritarren osasuna eta bizitza babesten dituena”.
Bi udalerrietako udalbatzek azaldu dutenez, enklabeak bizi duen salbuespenezko egoera administratiboak pandemia kontrolatzeko neurriak ezartzea zailtzen du eta egoera horren aurrean ezinbestekotzat jotzen dute "herritarren eskubideak bermatzea, jarduera ekonomikoari eustea eta kalitatezko osasun-arreta bermatzea".